Politika -

koronabirusa

Zuhurtziarako eta azken ahalegin baterako deia egin du Erkorekak pandemia garaitu ahal izateko

Segurtasun sailburuak "gizalegearen aurkako portaerak" gaitzetsi ditu eta segurtasun indarrak txalotu ditu. Gainera, pandemiaren aurka borrokatzeko modu bakarra "osasun araudia betetzea" dela gogorarazi du.

Erkoreka sailburua Ertzainzako kideekin.
Erkoreka sailburua Ertzainzako kideekin.
Erkoreka sailburua Ertzainzako kideekin.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak mezu bat argitaratu du sare sozialetan, erantzukizun indibiduala eta kolektiboa, eta herritarrei azken ahalegin bat egin dezaten eskatzeko; zuhur izateko eta zaintzeko eskatu die, are gehiago data jakinetan.

"Ez da festarako edo ospakizun kolektiboetarako garaia. Ondo asko dakigu egun seinalatuak direla, ondo asko dakigu zer-nolako ahalegina egiten ari garen eta eskatzen ari garen, baina oso garrantzitsua da berriz ere erantzukizun indibidualerako eta kolektiborako deia argi eta garbi egitea", esan du Erkorekak.

Herritarren laguntza eskatu du, zuhurtzia eta azken ahalegin bat: "txertaketa-prozesua erritmo onean doa, baina oraindik ere geure buruak zaindu egin behar ditugu. Koronabirusak gure artean jarraitzen du, heriotza eta sufrimendua eragiten jarraitzen du: ezin diogu erne egoteari utzi", ohartarazi du.

Gogorarazi duenez, "pandemiaren aurka borroka egiteko eta birusa hedatzea eragozteko modu bakarra indarrean dagoen osasun-araudia zorrotz betetzea da. Jabetzen gara horrek ahalegin handia egitea eskatzen duela, jabetzen gara horrek gure bizitzak goitik behera aldatzen dituela, batez ere udan, ospakizunetarako eta jendea elkartzeko aproposa den garai honetan, baina garrantzizkoa da higiene pertsonalari eta distantziari buruzko jarraibideak eta osasun-araudiko gainerako eskakizunak betetzen jarraitzea".

"Gutxi batzuek beste guztien kaltetan" dituzten "gizalegearen aurkako portaerak" gaitzetsi ditu eta Ertzaintza eta udaltzaingoak zoriondu ditu "ezohikoak eta zailak diren une hauetan segurtasun publikoaren erronkari ematen ari diren erantzun eredugarriagatik. Egunez egun zorrotz, profesionaltasunez jarduten ari zarete, eta sortu zaigun egoeraren araberako erantzun eraginkorra ematen. Agerian jarri nahi dut, eta eskerrak eman nahi dizkizuet segurtasun eta osasun kolektiboa zaintzeagatik".

Hala azpimarratu nahi izan du bart Donostian 10 lagun atxilotu dituztela jakin den egunean. Desordena publikoen ustezko delitua egotzi diete horiei, agenteei beirazko botilak eta bestelako objektuak botatzeagatik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa