Politika -
Espetxe-politika
ETAko lau preso Euskal Herriko kartzeletara lekualdatu dituzte eta beste preso bat Logroñora hurbildu dute
Lekualdatu dituzten presoak Miren Itxaso Zaldua Iriberri, Jesus Maria Altable Etxarte, Egoitz Coto Etxeandia, Aitor Olaizola Baseta eta Iurgi Garitagoitia Salegi dira.
Agentziak | EITB Media
Barne Ministerioaren menpeko Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak ETAko lau preso Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea eta beste preso bat Logroñoko espetxera hurbiltzea agindu du.
Zehazki, Miren Itxaso Zaldua Iriberri Asturiastik Martuteneko espetxera eraman dute; Jesus Maria Altable Etxarte Soriatik Iruñera; Egoitz Coto Etxeandia El Duesotik (Kantabria) Basaurira; Aitor Olaizola Baseta Logroñotik Zaballako espetxera (Araba); eta Iurgi Garitagoitia Salegi Madrildik Logroñora.
Lekualdatze horien aurrean, Foro Sozialak esan du "berretsi" egiten dutela "Gobernuak espetxe politikaren normalizazioaren bigarren fase batean sartzeko duen borondate politikoa". "Gainera, Mikel Arrieta larriki gaixo dagoen presoak uztailaren 1ean hirugarren graduan izan zuen bilakaera kontuan hartu genuen", azaldu du Foro Sozialak ohar batean.
Bestalde, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) adierazi duenez, "uste osoa dugu hurbilketa horiek ez direla soilik espetxe-aldaketa bat, gradu-progresioen, espetxe-baimenen, baldintzapeko askatasunaren edo indultuen aurreko pausuak direla".