Politika -

Aldaketak Espainiako Gobernuan

PP: "Sanchezek ez du zailtasunak gainditzeko gai izango den ministro aldaketarik egingo"

"Txotxongiloak aldatzeak ez du ezertarako balio Sanchezen Gobernuan, independentisten esanetara jarraitzen baldin badute", ohartarazi du Cuca Gamarra PPren Kongresuko bozeramaileak Donostian.

Cuca Gamarra PPren Kongresuko bozeramailea, Donostian. Argazkia: EFE
Cuca Gamarra PPren Kongresuko bozeramailea, Donostian. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuaren birmoldaketak hainbat iritzi sortu ditu

1:10

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren birmoldaketaren berri izan bezain laster Alderdi Popularrak hauteskundeak eskatu ditu gaur: "Sanchezek ez du zailtasunak gainditzeko gai izango den ministro aldaketarik egingo". Gobernuburua krisiaren arduraduna dela erantsi du PPk.

"Txotxongiloak aldatzeak ez du ezertarako balio Sanchezen Gobernuan, independentisten esanetara jarraitzen baldin badute", ohartarazi du Cuca Gamarra PPren Kongresuko bozeramaileak Donostian. Gamarrak Belaunaldi Berrien Miguel Angel Blanco Udako Eskolan hartu du parte.

"Arazoa ez dira ministroak", Sanchez presidentea bera baizik; izan ere, "ordezkatzen duen eraginkortasun eza, gezurra eta harrokeria guztia estaltzeko gai den gobernu krisirik ez dago", esan du. Gamarraren ahotan, Exekutiboak "porrot egin" du, Sanchezek "ez duelako gehiagorako ematen, eta herrialde hau aurrera ateratzeko kapaz ez dela demostratu duelako".

"Sanchez ez da okertu behar, tiki-taka hasi da eta bere denbora agortzen ari da, arazoa bera da eta ez bere ministroak (…) Gobernu krisiak alde batera utzi itzazu, Gobernua aldatzea nahi dugu", gaineratu du Gamarrak. Aldaketok "ezer ez aldatzeko dira, eta herri honetan gauza ugari aldatu behar dira", azpimarratu du.

"Pablo Iglesias arazoa zela esaten ziguten, eta Pablo Iglesiasek alde egin zuen, baina arazoak jarraitu du, arazoa Pedro Sanchez deitzen delako", errepikatu du.

Elkarlanean aritzeko gogoekin jarraitzen du EAJk

Testuinguru horretan, Sanchezen Exekutiboarekin orain arte adostutako akordioak betetzen direla zainduko duela ziurtatu du EAJk. Alderdiaren iritziz, Espainiako koalizio-gobernuan egindako aldaketek "PSOEren barneko arrazoiei" erantzuten diete.

Hala, alderdi jeltzaleak nabarmendu duenez, Estatuarekin "hitz egiteko eta elkarlanean aritzeko bokazioari" eusten dio, eta "hartutako konpromisoak betetzen direla eta gauzak funtzionatzen dutela" zaintzen jarraituko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak