Politika -

Katalunia

Oriol Junquerasek ezin du elkarrizketarako mahaian parte hartu, Sanchezen ustez

Espainiako presidenteak gogorarazi du Kataluniako auzia konpontzeko eztabaidagunea "gobernuen artekoa" dela eta ERCko buruzagiak "hainbat urteko gaitasungabetzea" duela oraindik.

Pedro Sanchez, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez.
Pedro Sanchez, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak baztertu egin du Oriol Junqueras Espainiako Gobernuak indultatu berri duen politikaria Kataluniako elkarrizketarako mahaian egotea. Azaldu duenez, eztabaidagunea "gobernuen artekoa" da (Generalitateko eta Espainiako Gobernuko ordezkariak bildu izan dira) eta ERCko buruzagia "hainbat urtez dago gaitasungabetuta kargu publikoan aritzeko".

Cadena Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan, Sanchezek adierazi du elkarrizketarako mahai horretan bi aldeek "gehien urruntzen dituzten gaien inguruan" jardun behar dutela. "Hori egin ezean elkarrizketak ez du aurrera egingo", ohartarazi du. Horren ildoan, eta indultuen ostean, gobernuburu espainiarrak uste du Generalitateari dagokiola "ahalegina egitea" eta independentzia babesten ez duten Kataluniako herritarrak "aintzat hartzea"

'Proces' auzian zigortutako buruzagiak indultatzearen alde egin du Espainiako presidenteak. Horren hitzetan, "gaur-gaurkoz, neurririk erabilgarriena da krisi hau konpontzeko bidean". Hori bai, zehaztu du erabakiak ez duela zerikusirik Kongresuan ERCren botoak behar izanarekin.

Erreferendum bat egiteko aukeraz galdetuta, Sanchezek esan du badagoela "adostutako itun bat" lortzeko aukera. "Elkarrekin bizi bagara, herritarrek erabaki beharko dute zer nahi duten Espainiarentzat", argudiatu du.

Bestalde, Pere Aragones Generalitateko presidenteak astelehen honetan iragarri duenez, Espainiak Europako Kontseiluaren txostena betetzea eskatuko dio Pedro Sanchezi asteazken honetan Moncloan egingo duen bileran. Txosten horretan, Espainiari sedizio delitua zuzentzeko aholkatu dio Espainiari, adierazpen askatasuna zigortzen dela eman ez dezan. Hain zuzen ere, hori da 2017ko urriaren 1eko legez kanpoko erreferendumaren harira preso zeuden independentista katalanek aldarrikatu dutena urte hauetan guztietan, 'proces'eko presoen askatasuna aldarrikatzeko.

ERCren Ezohiko Batzar Nazionalean egindako hitzaldian adierazi du hori, Bartzelonako Axa Auditorioan. Bertan parte hartu dute Oriol Junqueras buruzagi errepublikanoak (indultua eman ziotenetik lehen aldiz hartu du parte horrelako batean), Marta Rovira idazkari nagusiak (Genevatik), Raül Romeva eta Dolors Bassa kontseilari ohiek eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak.

Aragonesek adierazi duenez, U-1eko presoen indultuak urrats bat dira, baina askoz gehiago behar da, eta "amnistia da irtenbidea, bi aldeen artean negoziazio zintzo bat irekitzeko lehen urrats gisa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean ERC