Politika -
KATALUNIA
Gaur egingo dute Pere Aragonesen lehen inbestidura saioa, baina ez da aurrera aterako
Inbestidurak porrot eginez gero, bigarren bozketa asteartean egingo da ziurrenera.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Katalunian, Pere Aragones Generalitateko presidente izendatzeko lehen bozketa egingo dute gaur Parlamentuan. Hala ere, azken orduko ezustekorik ezean, presidentegaiak ERCren eta CUPen babesa izango du soilik. Gauzak horrela, lehen bozketan izendatzeko behar den gehiengo absolututik urrun geldituko da, eta bigarren saiakera bat egin beharko du.
Gaurko bozketan, ERCko 33 diputatuek eta CUPeko 9 ordezkariek Aragonesen alde bozkatuko dute. JxCateko 32 kideak, berriz, abstenitu egingo dira.
Inbestidura saioa 10:00etan hastekoa zen, baina beranduago hasiko da Lluis Puig Juntseko diputatuaren boto delegatua onartzearen kontra aurkeztutako eskariak tarteko.
Martxoaren 12an Kataluniako Parlamentuaren osaketarekin gertatu bezala, Kataluniako Parlamentuko auditorioan egingo da inbestidura saioa. Koronabirusaren zabalkundea saihesteko neurriak tarteko, gune handiago horren aldeko hautua egin dute.
Saioa presidentegaiaren hitzaldiarekin hasiko da. Denbora mugarik gabe, bere gobernu programa azaltzeko aukera izango du. Ondoren, Parlamentuan ordezkaritza duten taldeen txanda izango da, handienetik txikienera. Bakoitzak 30 minutu izango ditu.
Aragonesek bakoitzari erantzun ahalko dio eta talde parlamentarioek, bere aldetik, erreplikarako tartea izango dute. Hitzartzeak amaitutakoan, diputatuek beren eserlekutik eman beharko dute botoa, ahots goran.
Lehen inbestidurak porrot eginez gero, bigarren bozketa asteartean egingo da ziurrenera. Orduan gehiengo sinplea (aldeko botoak kontrakoak baino gehiago) nahikoa izango du. Dena dela, JxCaten babesa ezinbestekoa du.
Bigarren bozketan ere aukeratuko ez balute, gaurtik hasita bi hilabeteko epea irekiko litzateke beste inbestidura saio bat egiteko. Epe hori amaituta presidenterik ez balego, berriro ere hauteskundeak deituko lituzkete.