Politika -
ESPAINIAKO GOBERNUA
Gobernuko presidenteordea Yolanda Diaz izatea onartuko duela iradoki du Sanchezek
Pedro Sanchezek esan du "iritzi oso ona" duela Lan ministroari buruz, eta azpimarratu du Pablo Iglesiasen irteerak ez duela eraginik izango PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernuan.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Pablo Iglesiasek Espainiako Gobernua utziko duela eta maiatzaren 4rako Madrilgo Erkidegoan deitu dituzten hauteskunde autonomikoetara aurkeztuko dela jakinarazi du gaur goizean. Halaber, berak utzitako bigarren presidenteorde kargua Yolanda Diaz egungo Lan ministroak hartuko duela esan du.
Ordu batzuk geroago, Pedro Sanchezek iradoki du Diazen izendapena onartzeko prest dagoela. "Nik iritzi oso ona daukat egungo Lan ministroari buruz", azpimarratu du Emmanuel Macronekin Frantziako Montauban herrian egindako bileraren osteko agerraldian.
Halaber, Sanchezek esan du ez dela inolako arazorik egongo alde horretatik eta ziurtatu du PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizioak "jarraipena" izango duela.
Horrez gain, Sanchezek zehaztu du Iglesiasek gaur goizean eman diola bere erabakiaren berri, publiko egin aurretik. Berak zorte ona opatu dio eta Gobernuan egindako lanagatik eskerrak eman dizkio.
"Angel Gabilondo hautagai sozialistari beste ez, baina zorte ona opatu diot bere ibilbide politiko berrian eta aurten Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioan egin duen ekarpena eskertu dio", erantsi du.
Sanchezek esan du "datozen egunetan" erabakiko dutela nork hartuko duen Iglesiasek utzitako lekua, baina kazetarien galderei erantzunez, Unidas Podemosen proposamena onartzeko prest dagoela esan du.
"Unidas Podemos Espainiako Gobernuaren parte da. Gobernuaren osaketa eta funtzioak elkarrekin adostu genituen. Eta bigarren presidenteordea Unidas Podemosi dagokio", gogoratu du.
Ildo horretan, harago joan da eta Yolanda Diazek bere babesa duela nabarmendu du. "Lan Ministerioaren zuzendaritzan lan bikaina egiten ari da", adierazi du.
Iglesiasek Gobernua utzita, Unidas Podemosekin harremana erosoagoa izango ote den galdetuta, Sanchezek esan du bi alderdien artean ezberdintasunak egon arren, "elkarrekin egindako lana eta koordinazioa onak izan dira". "Esana daukat pozik nagoela koalizio-gobernuaren funtzionamenduarekin", gaineratu du.
Diazek dio "ohorea" dela erronka hartzea
Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak Iglesiasen erabakia ausarta izan dela azpimarratu du, eta esan du "ohorea" dela "presidenteorde" izateko erronka edukitzea.
Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Diazek azpimarratu du politikara iritsi zirela "gauzak aldatzeko eta pertsonen bizitza hobetzeko", eta horixe "defendatu" duela Iglesiasek ere.
"Gobernuan erakutsi zuen eta orain jarraitzen du, hautagaitza ausarta eta beharrezko horrekin, gehien maite dugun Madril indarrarekin eta ilusioarekin batzeko", adierazi du Lan ministroak Twitterren, Iglesiasekin duen argazki batek lagunduta.
Era berean, azken urtean "esfortzu guztia lana babesten" jarri duela gogorarazi du, "elkarrizketa sozialean" oinarrituta egin duela, eta orain Presidenteordetzaren erronka batu zaiola.
"Ohorea izango da Gobernu honentzat eta Pedro Sanchezekin lan egiten jarraitzea", Unidas Podemos mailan izan dezakeen eraginari aipamenik egin gabe.