Politika -
KORONABIRUSA
Murtziako Osasun kontseilariak dimisioa eman du, covid-19aren txertoa hartzeagatik
Goizean ihes egiteko garaia ez dela esan badu ere, oposizioaren dimisio eskarien aurrean, dimititu egin du arratsaldean.
O. A. | EITB MEDIA
Manuel Villegas Murtziako Osasun kontseilariak dimititu egin du, bere departamentuko 400 goi kargudun eta funtzionariorekin batera koronabirusaren aurkako txertoa hartzeagatik.
Fernando Lopez Miras Murtziako presidentea alboan zuela, galderarik gabeko agerraldia egin du kazetarien aurrean. "Pandemiaren aurkako lehen lerroan lanean ari diren osasun langileak txertatu ostean, osasun arloko langile guztiek txertoa hartu behar zutela ulertu genuen, guztiok garelako beharrezkoak, baina argi dago gizartearen zati batek ez duela horrela ulertu eta aurrez aurreko politikorako gai bihurtu dela", azaldu du.
"Pandemia amaituta joatea gustatuko litzaidake, baina hainbeste zarata egonda, ezinezkoa da", esan du erdi negarrez.
Goizean, Manuel Villegas Murtziako Osasun kontseilariak barkamena eskatu du, baina erabakia defendatu du. Ildo horretan, karguan jarraitzeko asmoa agertu du, ihes egiteko garaia ez dela iritzita.
Txertoa banatzeko Espainiako Osasun Ministerioarekin hitzartutako irizpideak jarraitu direla ziurtatu du. Azaldu duenez, lehenik adinekoen egoitzetako eta urritasunak dituztenentzako zentroetan banatu zituzten txertoak, eta ondoren, ospitaleetan eta osasun zentroetan. Gerora, enpresa laguntzaileetako osasun langileekin eta osasun kudeaketako langileekin jarraitu zuten, besteak beste, Osasun arloko funtzionarioekin.
Villegas iragan astean txertatu zen. Kontseilariak azpimarratu duenez, bere departamentuko lantalde osoari eta Murtziako Osasun Zerbitzuan lan egiten duten guztiei eskaini zaie txertoa (arakatzaileak, informatikariak, administrariak, laborategiko langileak, ikuskatzaileak).
Azkenean, oposizioaren dimisio eskarien aurrean, dimititu egin du arratsaldean.