Politika -
Txartel ezkutuak
Juan Carlos I.a ikertzea onartu dute estreinakoz Kongresuko legelariek
Asteazken honetan Kongresuan egingo duten saioan, PSOEK uko egingo dio, berriro ere, ezkutuko txartelekin lotuta Juan Carlos I.a ikertuko duen batzordea sortzeari.
L.Z. | EiTB MEDIA
Kongresuko legelariek Behe Ganberako Mahaiari estreinakoz proposatu diote errege emerituak erabilitako ezkutuko txartelekin lotutako ikerketa batzordea eratzea, Unidas Podemos alderdiak egindako eskariari men.
Hain zuzen ere, txosten horretan legelariek Mahaiari planteatu diote batzorde horren osaketa tramitera onartzeko.
Orain arte, aitzitik, horren aurka azaldu dira Kongresuko legelariak, ezkutuko txartelekin lotutako afera Juan Carlos I.aren bortxaezintasunak babesten duen kontu bat dela argudiatuta.
Edozein modutan, Kongresuko Mahaiak hartuko du horri buruzko azken erabakia. Bederatzi diputatuk osatzen dute Mahaia: PSOEko 3, Unidas Podemoseko 3, PPko 2 eta Voxeko 1.
Errege etxearekin zerikusia duten kontuak ikertzeko gaur arte egindako eskari guztiak atzera bota ditu Kongresuko Mahaiak, zerbitzu juridikoek defendatu izan duten irizpidea ardatz hartuta: "Erregea bortxaezina da".
Espainiako Gobernua zuzentzen duten PSOE eta Unidas Podemos alderdiak, beraz, ez dira gai horretan bat etorri.
PSOEk uko egingo dio ikerketa batzordea sortzeari
Asteazken honetan Kongresuan egingo duten saioan, PSOEK uko egingo dio, berriro ere, ezkutuko txartelekin lotuta Juan Carlos I.a ikertuko duen batzordea sortzeari, Ganberako legelariak Unidas Podemosek aurkeztutako proposamenaren alde azaldu badira ere.
Iturri sozialistek jakitera eman dutenez, PSOEko ordezkariek orain arteko jarrerari eutsiko diote, eta atzera botako dute Unidas Podemosek bultzatu eta ERCk, EH Bilduk, Mas Paisek, Compromisek, CUPek eta BNGk babestutako proposamena.