Politika -
BORONDATEZKO AITORPENA
Juan Carlos I.ak 678.000 euroko zorra kitatu du Ogasunarekin
2016 eta 2018 urteen artean, "black" kreditu txartelen bidez, ustez Espainiako errege emerituak eta haren senideek gastatu zuten diruari dagokion zorra da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituak borondatezko aitorpena aurkeztu du eta 678.000 euroko zorra kitatu du Ogasunarekin, 2016 eta 2018 artean "black" txartelekin gastatutako diruari dagokiona, hain zuzen ere.
Ustez, Espainiako errege emerituak eta haren senideek gastatu zuten diruari dagokion zorra da. "Black" txartel horiek Allen Sangines-Krause Mexikoko enpresaburuaren funts opakuak erabiltzen zituzten.
Zergadunek edozein unetan aurkez dezakete borondatezko aitorpena, beti ere, Ogasunak ikuskapen bat ireki aurretik edo epaile batek ustezko zerga iruzurragatik edo kapitalak zuritzeagatik ikertu gisa deklaratzera deitu aurretik.
Iragan hilabetean Auzitegi Goreneko Fiskaltzak ikerketa abiatu zuen Juan Carlos I.aren aurka, "black" txartelen auziagatik. Gainera, haren aurkako beste bi ikerketa ere zabalik daude, Suitzan duen kontu korronte batengatik eta Mekarako abiadura handiko trenaren lanengatik.
Juan Carlos I.a Arabiar Emirerri Batuetan bizi da iragan abuztuaren 3tik.
Dena dela, Juan Carlos I.a Fiskaltzaren esanetara dagoela adierazi du haren abokatuak, hedabideetara zabaldutako ohar batean.
Erreakzioak
Albistea ezagutu berritan, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak gardentasuna eta ikerketa "azken bururaino" eramatea defendatu ditu, baina Felipe VI.aren aitaren zergadun eskubideekiko "errespetua" ere azaldu du.
Carmen Calvo Gobernuko lehen presidenteordeak ere hizpide izan du albistea. Calvoren ustez, "ekintza pertsonala izan da. Ez dago gehiago esaterik".
Oso bestelakoa izan da Pablo Echenique Unidas Podemosen Kongresuko bozeramaileak emandako iritzia. Nabarmendu duenez, Juan Carlos I.ak ordaindutakoa gutxieneko soldataren 51 urte dira eta gertatutakoa "nazioarteko lotsagarrikeria" dela erantsi du.
"678.000 euroko iruzurra egin dio Ogasunari. 51 urteko gutxieneko soldataren baliokidea. Egindako iruzurretako bat. Corinaren 65 milioiengatik ez du ezertxo ere ordaindu, adibidez. Eta edukiko dituenak eta ez dakizkigunak. A ze nazioarteko lotsagarrikeria", bota du Echeniquek Twitterren duen kontuan.