Politika -

Parlament

Urriaren 21ean, Kataluniako hauteskundeen erlojua martxan

Quim Torra presidente ohia ordezkatzeko hautagairik ez dagoela jakinaraziko dio Roger Torrent Parlamentako presidenteak Ganberari.

Roger Torrent Parlamentako presidentea. Argazkia: EFE
Roger Torrent Parlamentako presidentea. Argazkia: EFE
Roger Torrent Parlamentako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra presidente ohia ordezkatzeko hautagairik ez dagoela jakinaraziko dio Roger Torrent Parlamentako presidenteak Ganberari urriaren 21ean, asteazkena. Honenbestez, hauteskundeak otsailaren 14an egin ahal izateko erlojua martxan jarriko da.

Inbestidurarako hautagairik ote zegoen taldeei galdetzeko 10 eguneko epea ostegunean amaitu zen. “Bilera sortan inbestidura saioa egitea ezinezkoa dela egiaztatu dut, hautagairik aurkeztu ez delako”, azaldu du Torrentek.

Asteazkenean, ohiko osoko bilkuran, jakinaraziko duela erantsi du agintariak, eta egun horretan bertan Parlamentako Aldizkari Ofizialean (Bopc) ebazpena argitaratuko du.

Asteazkenean, kontrol saioa egin baino lehen, ebazpena irakurriko du Torrentek, inbestidurarako hautagairik ez dagoela baieztatzeko. Horrela, Presidentetza Legeak ezarritako epeak martxan jarriko dira. Ondoren, iritzia eman ahal izateko talde politikoen txanda izango da.

Huts egindako inbestidura baten antzeko ekitaldia egiteko bi aukera zituela esan du Parlamentako presidenteak, ebazpen bat Bopc-en argitaratu edo osoko bilkurari jakinarazi, eta biak egitea erabaki du azkenean.

Urriaren 22an, osteguna, presidentea izendatzeko bi hilabeteko epea zabalduko da eta, espero bezala hori gertatzen ez bada, abenduaren 22an Parlamenta automatikoki desegingo da, eta Governak hauteskundeak otsailaren 14an deitzeko dekretua argitaratuko du.

“Aurrekaririk ez duen egoera” bat dela azpimarratu du Torrentek, karguan dagoen Generalitateko presidentea sekula gaitasungabetu ez dutelako, baina talde politikoek gauzak erraz jarri dituztela onartu du.

Bi hilabete hauetan talderen batek hautagai bat planteatzen baldin badu, Kataluniako Ganberaren presidenteak “kontsulta epea zabaldu beharko luke, hautagaia izendatzeko aukerarik ote dagoen ikusteko”, baina oraingoz talde politikoek ez dute horretarako borondaterik agertu.

Urriaren 22tik abenduaren 22ra Parlamentak bere jarduerarekin “normaltasunez” aurrera jarraituko duela nabarmendu du Torrentek, eta aurreikusitako saioak egingo ditu, beti ere pandemiaren mugak eta murrizketak errespetatuz.

Horrela, Bozeramaileen Batzordeak egutegia aldatzen ez baldin badu, legealdiko azken saioa abenduaren 15, 16 eta 17an egingo lukete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Artur Mas Pere Aragonès Hauteskundeak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Generalitatea