Politika -
Katalunia
Torrentek esan du ez dagoela inbestidurarako hautagairik, eta epeak agortuko direla
Parlamentaren presidenteak esan du hauteskunde epea abian jarriko dela, eta bi hilabeteko epean sartuko direla automatikoki hauteskundeak deitu aurretik.
agentziak | erredakzioa
Rogert Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak esan du alderdiek ez dutela Quim Torra presidentea ordezteko hautagairik proposatu inbestidurari begira. Hori horrela, hauteskundeetarako epeak abian jarriko direla uste du, eta hauteskundeak automatikoki deitzeko bi hilabeteko epea martxan jarriko dela.
"Ez dago hautagai bat proposatu duen talde parlamentariorik", adierazi du Onda Ceron egindako elkarrizketa batean, azken astean kontsulta erronda egin ondoren.
Hala, Torrentek baieztatu du inbestidurarako deialdirik egin gabe amaituko dela kontsulta erronda egiteko 10 eguneko epea. Ondoren, bi hilabeteko beste epe bat hasiko da, eta tarte horretan presidenterik izendatzen ez bada, Parlamentua desegin eta hauteskundeak deituko dira automatikoki.
10 eguneko epea ostegunean amaituko da, eta, ondoren, Torrentek egun batzuetako tartea izango du hautagairik ez dagoela argitaratzeko Kataluniako Aldizkari Ofizialean. Huts egindako inbestidura gisa hartuko da.
Hauteskundeak otsailaren 14an (Torrentek berak mahai gainean jarritako data) izateko, Kataluniako Parlamentuko presidenteak urriaren 21ean argitaratu beharko luke aldizkari ofizialean, eta orduan hasiko litzateke bi hilabeteko epea.