Politika -

Erreakzioak

Alderdiak kritiko agertu dira Juan Carlos I.ak hartutako erabakiarekin

Alderdi politikoek haien iritzia eman dute, Juan Carlos I.ak paradisu fiskaletan deklaratu gabeko dirutzak dituela publiko egin eta gero Espainia uztea erabaki ondoren.

Juan Carlos I.a, Espainiako errege emeritua. Argazkia: Espainiako Errege Etxea
Juan Carlos I.a, Espainiako errege emeritua.
Juan Carlos I.a, Espainiako errege emeritua. Argazkia: Espainiako Errege Etxea

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a errege emerituak Espainiatik kanpo bizitzera joateko hartutako erabakia "keinu eskasa" dela uste du EAJk, eta, azpimarratu duenez, "justiziak denontzat berdina izan behar du, Zarzuelan edo Estorilen bizi".

Jeltzaleek sare sozialetan zabaldutako mezu batean adierazi dutenez, errege emerituak hartutako "erabaki horrek ezin du inola ere esan nahi bere erregealdian eta abdikazioaren ondoren ustez egindako delituengatik justiziaren aurrean azalpenak eman behar ez dituenik".

Bestalde, Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak uste du errege emerituaren ihesa Espainiako monarkiaren "izaera ustela ezkutatzeko" ahalegina besterik ez dela.

Ildo horretatik, koalizio subiranistaren ordezkariak ondorengoa esan du: "Juan Carlos joan egingo da, baina Felipe geratzen da". Hori dela eta, alderdiak "irregulartasun guztiak sakon ikertzeko, egia ezagutzeko, zigorgabetasunari amaiera emateko eta herritarrei hitza emateko" lan egiteko konpromisoa hartu du."Badoa Juan Carlos, baina berak ondoen ordezkatzen duen 78ko Erregimena geratzen da", azpimarratu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Espainiako Gobernuak, berriz, "errespetua" agertu du Juan Carlos I.aren erabakiaren aurrean, eta nabarmendu ditu egungo Estatuburu Felipe VI.aren "eredugarritasuna eta gardentasuna". Uztailaren 8an, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ohartarazi zuen errege emerituaren gaineko informazioak "kezkagarriak" zirela; halaber, aldeztu zuen komenigarria zela Errege Etxeak aurrerapausoak ematea, "gardentasuna eta eredugarritasuna sendotze aldera".

Dena dela, Unidas Podemosek Estatu ereduari buruzko eztabaida mahai gainean jartzeko unea dela esan du, "Errepublika solidario eta plurinazional batekin"; izan ere, koalizioaren ustez, "ez dago inolako arrazoirik gutxieneko balio etikoak ez dituen monarkiarekin kargatzen jarraitzeko".

Bestalde, Espainian demokrazia ezartzeko Juan Carlosek izan zuen "jarrera erabakigarria" nabarmendu du PPk, eta batasunerako deia egin du estatuburuaren inguruan eta hark ordezkatzen duen instituzioaren inguruan. Alderdi Popularrak azpimarratu duenez, "monarkia parlamentarioak ezinbesteko zutabea izaten jarraitzen du lurraldearen egituraketan, nazioarteko ordezkaritzan eta Espainiaren aurrerapen ekonomiko, sozial eta kulturalean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errege-etxea Politika Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a Espainia Eguneko albisteak Albisteak