Politika -

Errege Etxea

Juan Carlos I.a erbesteratu egin da

Paradisu fiskaletan deklaratu gabeko dirutzak dituela publiko egin eta gero erabaki du estatuburu ohiak Espainia uztea.

Juan Carlos I.a, artxiboko irudian. EiTBren bide batetik hartutako argazkia.
Juan Carlos I.a, artxiboko argazkian
Juan Carlos I. Espainiako errege emerituak Espainiatik kanpo bizitzea erabaki du

0:51

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a Espainiako errege emeritua erbesteratu egin da, Suitzako eta Espainiako Justizia paradisu fiskaletan duen dirutza ezkutua ikertzen hasi eta gero.

Errege Etxeak adierazi duenez, "iraganeko kontu pribatu batzuek" izandako oihartzun publikoa ikusita erabaki du Espainiako estatuburu ohiak alde egitea, eta hala jakinarazi dio semeari, Felipe VI.a erregeari. Komunikabide batzuen arabera, Juan Carlos I.ak Espainia utzi du, dagoeneko.

Juan Carlos I.aren egoera, abdikatu eta bizitza publikotik alde egin ostean, martxoaren 15ean izan zuen inflexio-puntua; izan ere, Felipe VI.ak, egun horretan, iragarri zuen bere aitaren jaraunspenari uko egingo ziola, eta, halaber, errege emerituak Estatuko Aurrekontuetatik ordura arte jasotzen zuen diru-kopurua kentzen ziola (urtero ia 200.000 euro jasotzen zituen).

Felipe VI.ak hori erabaki zuen argitaratutako hainbat informazioren aurrean; hain zuzen ere, Suitzan Lucum Fundazioan sartutako 65 milioi euroren jatorriaren gaineko ikerketa abiatu zuten, zehazteko Saudi Arabiak Juan Carlos I.ari Mekarako Abiadura Handitako Trenagatik emandako komisioak ote ziren. Lucum Fundazioak Panaman du egoitza.

Ia bi urte lehenago, 2018ko uztailean, Diego de Egea Auzitegi Nazionaleko epaileak Jose Manuel Villarejo komisario ohia deitu zuen, deklaratzeko; izan ere, grabazio jakin batzuk argitaratu zituzten, eta horietan entzungai zen nola Corinna Larsen Juan Carlos I.aren lagun ohiak, 2015ean, Londresen, agerian jarri zuen Espainiako errege emerituak Suitzan kontu korronteak zituela, Saudi Arabiak komisio horiek kobratzeko, eta Juan Carlos I.ak izen-mailegatzaile gisa erabili zuela bera.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak, handik hilabete batzuetara, eginbideak ireki zituen. 2020ko martxoan, Larsenen abokatuak Yves Bertossaren suitzar fiskalaren aurrean egindako adierazpenak argitaratuta (abokatuak Larseni "oparitutako" 65 milioi euroen eta Lucumeko kontuaren gestore Arturo Fasanaren eta Dante Canonicaren gainean hitz egin zuen), erreguzko mandatua bidali zuen Suitzara, ustezko dohaintza horren gaineko datuak ikertzeko.

Panamako Fundazioaren bigarren onuradun gisa agertzen zen Felipe VI.a; horren ondorioz erabaki zuen Espainiako erregeak aitaren jaraunspenari uko egitea, eta Aurrekontuetako diru-kopurua kentzea.

Auzitegi Goreneko Fiskaltza

Corinna Larsenek adierazpenak egiten jarraitu zen; biktima gisa aurkezten zuen bere burua, eta ziurtatu egiten zuen Juan Carlos I.arekin harremanetan jarria zela, bere iritziz haren aurkako "abusu-kanpaina" zenari amaiera ematen ahalegintzeko. Bitartean, ekainaren 8an, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak iragarri zuen bere gain hartuko zuela ordura arte Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak zuzentzen zuen ikerketa.

Fiskaltzaren helburua da 2014ko ekainetik aurrerako ekintzen zigor-garrantzia zehaztea ala baztertzea; izan ere, orduan galdu zuen Juan Carlos I.ak Konstitutuzioak Estatuburu gisa onartutako bortxaezintasuna.

Kongresuko hainbat talde, tartean Unidas Podemos, saiatu ziren, berriro ere, parlamentu-ikerketako batzordea sortzen, baina PSOEk, PPk eta Voxek, beste behin, saihestu egin zuten.

Uztailean hainbat albiste sortu dira, ikerketako ekintzen xehetasunen gainean. Besteak beste, Larsenek adierazi zuen 65 milioi horiek Saudi Arabiako errege Abdalaren dohaintza batekoak zirela; Canonicak, bere aldetik, baieztatu zuen Felipe VI.ak eskatu ziola Zarzuelan "egitura" sortzea, Abdalaren aldetik "dohaintza handia" jasoko baitzuen eta hori transferitu nahi zuelako.

Horrez gain, Canonicak baieztatu zuen Juan Carlos I.ak, hilero, 100.000 eurotik gorako diru-kopuruak ateratzen zituela Lucumen izenean dagoen kontutik.

Hainbat alderdik, horren ondorioz, Koroaren bortxaezintasunaren gaineko adierazpenak egin dituzte; Espainiako Gobernuak, bere aldetik, zenbait mezu zabaldu ditu, eta pentsatzeko modukoa zen astelehen honetakoa bezalako iragarpena egon zitekeela.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, argitaratu izan diren albisteak "kezkagarriak eta aztoratzaileak" izan dira; Felipe VI.ari eskerrak eman dizkio, baina, informazio horietatik aldendu baita.

Espainiako Gobernuak Juan Carlos I.aren erabakia errespetatzen du

Espainiako Gobernuak "errespetua" agertu du Juan Carlos I.aren erabakiaren aurrean, eta nabarmendu ditu egungo Estatuburu Felipe VI.aren "eredugarritasuna eta gardentasuna".

Uztailaren 8an, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ohartarazi zuen errege emerituaren gaineko informazioak "kezkagarriak" zirela; halaber, aldeztu zuen komenigarria zela Errege Etxeak aurrerapausoak ematea, "gardentasuna eta eredugarritasuna sendotze aldera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errege-etxea Politika Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a Espainia Ustelkeria politikoa azken albisteak Eguneko albisteak Albisteak