Politika -
Katalunia
Epaileek hirugarren gradua kendu die Rull eta Turulli, baina ez Forcadell eta Bassari
Beraz, 'proces' auziko bederatzi presotik zazpik (Junquerasek, Fornek, Romevak, Sanchezek, Cuixartek, Rullek eta Turullek) ezingo dute espetxetik atera, ezta lanera joateko ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espetxe zaintzako bi epailek Jordi Turull eta Josep Rull kontseilari ohiei hirugarren gradua kentzea erabaki dute. Aitzitik, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak eta Dolors Bassa kontseilari ohiak hirugarren graduan jarraituko dute.
Ebazpen kontrajarriak eman dituzte, hortaz, Kataluniako espetxe zaintzako bosgarren eta lehen epaitegiek. Lehenak indargabetu egin du Turullek eta Rullek orain arte zeukaten erregimena; bigarrenak, ostera, ez dio Fiskaltzaren eskariari kasurik egin, eta Forcadell eta Bassa hirugarren graduan utzi ditu, auziaren mamia ebatzi arte.
Modu horretan, 'proces' auziko bederatzi presotik zazpik (Junquerasek, Fornek, Romevak, Sanchezek, Cuixartek, Rullek eta Turullek) ezingo dute espetxetik atera, ezta lanera joateko ere, tratamendu batzarrak 100.2 artikulua aplikatzea eskatzen ez badu, behintzat.
Generalitateak hirugarren gradua eman zien bederatzi presoei uztailaren 14an. Egun batzuk geroago, Fiskaltzak erabakia atzera botatzeko eskatu zien epaileei, eta horren ondotik iritsi dira epaileen ebazpenak.