Politika -

Espetxe politika

650 tontor igoko dituzte Sarek deituta, presoen eta iheslarien etxeratzearen alde

Euskal presoen eskubideen aldeko plataformak jakinarazi du urriaren 3an milaka pertsonaren babesa jasotzea espero dutela ekimenean.

Sareren ekitaldi bat. Argazkia: Sare
Sareren ekitaldi bat. Argazkia: Sare
Sareren ekitaldi bat. Argazkia: Sare

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak jakinarazi du urriaren 3an Euskal Herriko 650 bat tontor ezagun igoko dituztela presoen eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzeko.

Plataformak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Izan Bidea ekimenaren baitan dagoeneko 230.000 kilometro egin dituzte 3.000 parte-hartzaileren artean.

Dinamika horiek "euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batu asmo ditu, urratsak emanaz, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman nahi diogulako".

Espainiako Gobernuari dei egin dio "hitzetatik ekintzetara pasatzeko", "Gobernuan diren bi alderdiek egoera honekin amaitzeko adostasuna agertu" dutelako.

Madrili bultza egiteko asmoz, hain zuzen ere, Sarek "datorren urriaren 3an inoizko erronka handiena" ezarri du, "egun berean, Euskal Herriko 650 mendi igo eta tontorretara gure aldarria" eramateko.

"Ekimen eder eta esanguratsua egitea da gure asmoa, argi erakusteko urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko", azaldu du.

Datozen asteetan Sareren webgunean informazio gehiago emango dute, ekimeneab parte hartzeko izen-emateko aukerarekin batera.

Bestalde, abuztuaren 1ean, Gasteizen, eta 4an, Donostian, ekitaldiak egingo dituztela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak bideoak Eguneko albisteak Albisteak