Politika -
Ustelkeria
Kongresuak Juan Carlos I.a ikertzea galarazi dute PSOEk, PPk eta Voxek
Fiskaltzak, berriz, ikerketa bat abiatu berri du Mekan abiadura handiko trena eraikitzeko kontratuagatik Saudi Arabiak legez kanpoko komisioak ordaindu zizkion argitzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSOEk, Alderdi Popularrak eta Voxek bat egin dute Kongresuko Mahaian eta atzera bota dute Unidas Podemosek eta beste hainbat taldek, tartean EH Bilduk, ERCk eta Mas Paisek, Juan Carlos I.a ikertzeko egin zuten eskaria.
Ekimena aurkeztu duten taldeetatik Unidas Podemosek soilik dauka ordezkaritza Kongresuko Mahaian eta, beraz, alderdi morearen babesa bakarrik jaso du proposamenak.
Auzitegi Goreneko Fiskaltzak joan den astean iragarri zuen Espainiako errege ohiari buruzko ikerketa bat abiatuko zuela, Mekan abiadura handiko trena eraikitzeko kontratuagatik Saudi Arabiarengandik legez kanpoko komisioak kobratu zituen argitzeko.
Kongresuko abokatuen esanetan, Juan Carlos I.ari leporatzen zaizkion ustezko delituak Estatuburu zenean gertatu ziren eta, ondorioz, ezin zaio ikertu Konstituzioak ematen dion bortxaezintasunak babestuta dagoelako. PSOEk, PPk eta Voxek irizpide hori erabili dute ekimenaren kontra bozkatzeko.
Adriana Lastra bozeramaile sozialistak adierazi duenez, abokatuek emandako arrazoiaz gain, Konstituzioaren 66. artikulua ere hartu dutela kontutan. Arau horren arabera, Kongresuaren eskumena da Gobernuaren jarduera kontrolatzea, baina ezin du Estatuko beste erakundeetan esku hartu.
Aitor Esteban EAJko bozeramaileak, berriz, Kongresuko legelariek eta Fiskaltzak egindako txostenen arteko "kontraesana" azpimarratu du. Batak errege ohia ikertu ezin dela dioen bitartean, besteak jada ikerketa bat hasi duelako.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko ordezkariak salatu du bortxaezintasunaren aitzakiapean Juan Carlos I.enari inpunitatea eman zaiola.