Politika -
Koronabirusa
Espainiako Gobernuak lege-dekretu bidez ezarriko ditu neurriak, alarma luzatu ezean
Pedro Sanchezen Gobernuak baieztatu du alarma-egoera azkenekoz luzatzea proposatuko duela Kongresuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak alarma-egoera seigarren aldiz luzatzea eskatuko du Kongresuan, eta, badaezpada, lege-dekretu bat prestatzen ari direla iragarri du Carmen Calvo presidenteordeak.
Luzapen hori azkena izango litzatekeela ziurtatu du Calvok, baina talde parlamentarioen babesa lortu ezean, konfinamendutik irteteko prozesuaren amaierako neurriak lege-dekretu bidez ezarriko dituztela adierazi du.
Alarma-egoeraren azken dekretu horretan "aldaketa garrantzitsuak" egingo dituztela esan du, "deseskalatze prozesua erkidego autonomoen esku uzteko". Horrela, bada, lurralde bakoitzak larrialdi-egoera bertan behera noiz utzi erabakitzeko aukera izango luke.
Baina Kongresuak seigarren luzapena atzera botaz gero, Espainiako Gobernuak lege-dekretu bat onartuko du konfinamendutik irteteko prozesuaren amaieran hartu beharreko neurriak ezarri ahal izateko.
Lege-dekretua onartzeko, premiazko bidetik joko dutela eta koronabirusa berriro agertuko balitz erantzun egokia eman ahal izateko egungo araudian erreforma bat egingo dutela erantsi du.