Politika -
Koronabirusa
Urkullu: Jaurlaritzak lehen unetik hartu zituen neurriak egoera larriaren aurrean
Lehendakariak agerraldi telematikoa egin du Eusko Legebiltzarrean, talde politikoetako bozeramaileekin, Eusko Jaurlaritza koronabirusari aurre egiteko garatzen ari den ekintzak azaltzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkio euskal gizarteari koronabirusaren pandemia honetan izandako "jarreragatik, erantzukizunagatik eta konpromisoagatik, gehiengoa eredugarri jokatzen ari delako".
Urkulluk agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta, talde politikoetako bozeramaileekin egindako bilera telematiko batean, COVID-19k sortutako osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den ekintzak azaltzeko.
Lehen hitzetan, hildako bakoitzagatik, haien familiengatik eta "kutsatuta jarraitzen duten milaka pertsonengatik" gizarteak jasaten duen "min kolektiboa" gogoratu du lehendakariak.
"Gure kezka, batez ere, arrisku-taldeengan eta adineko pertsonengan dago, horiek baitira pandemia bereziki pairatzen ari direnak", esan du.
Halaber, Urkulluk osasun zerbitzuetako langileen eta oinarrizko zerbitzuen lana eskertu du, "bihotzez eta miresmenez". "Nire hitzek bat egiten dute balkoietan eta leihoetan arratsaldeko 20:00etako txaloekin", adierazi du.
“Batasuna eta lankidetza”
Lehendakariak “batasunerako eta lankidetza politikorako” deia egin die euskal alderdiei une hauetan, “ezadostasun ideologikoetatik”, eta “Euskadik pandemiari eman dion erantzun aurreratua” azpimarratu du, zeina hiru fasetan (aurrerapena, eustea eta arintzea) gauzatu baita eta “emaitzak ematen ari baita”.
“Erakundeen arteko lankidetzarako kultura dugu, baita arlo publiko-pribatuen artekoa ere. Euskadik politika modu ezberdin batean egiten dakiela erakutsi du azken urteetan, kontroletik eta kritika politikotik, ezadostasun politikotik”, erantsi du.
Lehendakariak adierazi duenez, egonkortasun aro batean gaude orain, eta esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoak positibo kopuru handiagoa izatea test gehiago egin izanari dagokiola. Hain zuzen ere, baieztatu du Euskal Autonomia Erkidegoa “milioi bat biztanleko atzemate goiztiarreko test gehien egin dituen lurraldea” dela Europan, 9.000tik gora.
Lehendakariaren esanetan, otsail hasieratik Osakidetzak materiala eskuratzeko operazio handi bat egin zuen: “5 milioi eta erdi maskara, 19 milioi eskularru, 19.000 betaurreko, 600.000 amantal eta 57.000 litro gel”.
“Aurrerapena”
Lehendakariak aurrerapen fasean urtarriletik hasita egindako lana azpimarratu du. Txinako agintariek covid-19a identifikatu eta hamabost egunetara, Osasun Saila lanean ari zen, bere hitzetan, “birusaren Euskadirako balizko iritsieraren” aurrean.
Urkulluk aurrerapen fase horretan egindako batzuk aletu ditu mintzaldian: osasun aholkurako telefonoa martxan jarri, Krisi Mahaia sortu, Legebiltzarreko taldeekiko harreman etengabea eta Sail arteko Mahaia deitzea, otsailaren 28an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lehen bi positiboak identifikatu baino lehen.
“Eustea”
Fase horretan hartutako neurriei dagokienez, Urkulluk azpimarratu ditu hezkuntza zentroak Estatu osoan halakorik egin aurretik itxi izana, Larrialdi Sanitarioko Adierazpena, hau ere Estatuan aitzindaria, egin izana, bidaiak debekatzeko, konfinatzeko eta isolamendu sozialerako neurriak, ospitale eta egoitzetan dauden senide eta adiskideak bisitatzeko debekua, beilak eta hiletak egitea galarazi izana eta ospitaleak, eraikin publikoak, egoitzak, garraio publikoak eta abar garbitu eta desinfektatzeko plan berezia.
Osasun arloan, gogora ekarri du osasun baliabideak handitu direla, ZIUko ohe kopurua handitzeko plana abiatu dela, lehen arreta berrantolatu eta zonetan banatu dutela eta lurralde bakoitzean espazio bat medikalizatu eta prestatu dutela larritasun maila txikiagoko eriak artatzeko.
Neurri ekonomikoak
Egoera honen aurrean, Urkulluk agerraldian azaldu duenez, erakunde guztiek aurrekontuen lehentasunak zuzendu dituzte eta “talka plan” bat onartu dute krisiaren ondorioei aurre egiteko industrian, enpresa ertain eta txikietan, merkataritzan eta autonomoen mailan: 1.015 milioi euroko funts bat prestatu dute, hiru larrialdiri erantzuteko (osasun sistemaren ahalmena eta baliabideak bermatu, kolektibo babesgabeenei lagundu eta egitura ekonomiko eta ekoizleak bultzatu enpleguari eusteko), eta 500 milioi euroko finantzazio lerroa ireki diete EAEko enpresei.
Azkenik, lehendakariak autonomia erkidegoetako presidenteek Pedro Sanchezekin izandako bilerak ere hartu dituzte hizpide, eta esan du harreman etengabea izan dutela.