Politika -
ETA-ko biktimak
Fernando Buesari eta Jorge Diezi omenaldia egin diete hilketen 20. urteurrenean
Fernando Buesa Fundazioak lore eskaintza antolatu du, ETAk hil zituen tokian dagoen oroitarriaren alboan.
Agentzia | Erredakzioa
Fernando Buesa politikari sozialistaren eta Jorge Diez haren bizkartzainaren senitartekoek eta lagunek omenaldia egin diete larunbat honetan, erakunde eta alderdi politikoekin batera. ETAk duela 20 urte hil zituen.
2000ko otsailaren 22an, arratsaldeko lehen orduan, ETAren talde batek bonba-auto bat zartarazi zuen Buesa eta ertzain gaztea kaletik oinez zihoazenean, politikariaren etxetik gertu. Buesa Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, Arabako ahaldun nagusia eta Eusko Legebiltzarrean PSE-EEko bozeramailea izan zen.
Fernando Buesa Fundazioak lore eskaintza antolatu du, ETAk hil zituen tokian dagoen oroitarriaren alboan. Urtero bezala, Natividad Rodriguez Buesaren alarguna eta Begoña Elorza Diezen ama arrosa gorriak jartzen lehenak izan dira, Imanol abeslariaren 'Ausencia' kantak girotuta.
Ondoren, gainerako senideek eta lagunek lore eskaintza egin dute, baita erakundeetako ordezkari eta politikari ugarik ere.
Besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkarik parte hartu dute.
Era berean, PSE-EEko ordezkaritza zabala izan da ekitaldian, besteak beste, Idoia Mendia idazkari nagusia. Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztietako ordezkariek parte hartu dute.
Bestalde, Legebiltzarrak politikari sozialista gogorarazi du, 'Gauerdiko iparrorratza' eskulturan Buesaren argazki bat eta su-ontzi bat jarrita. Eskultura erakundeko egoitzaren ate aurrean dago, terrorismoko biktimen omenez.
Erakunde armatuek hildako lau legebiltzarkideak omentzea adostu zuen Gasteizko Ganberako Mahaiak 2004an: Buesa, Enrique Casas (PSE-EE), Gregorio Ordoñez (PP) eta Santiago Brouard (HB). Hilketen datak hurbiltzen direnean osoko bilkurak omenaldia egiten die guztiei.