Politika -
KATALUNIA
Parlamentuak Torraren kargugabetzearen aurkako helegitea aurkeztea onartu du
Parlamentu katalanaren Mahaiak helegite bat aurkeztu zuen gai berari buruz urtarrilaren 16an.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parlamentuko osoko bilkurak administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztea erabaki du Auzitegi Gorenaren aurrean Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra. Erabakiak Generalitateko Quim Torra presidentea kargugabetzen du behin-behinean Ganbarako diputatu gisa.
Parlamentu katalanaren Mahaiak helegite bat aurkeztu zuen gai berari buruz urtarrilaren 16an, kautelazko neurrien eskaerarekin batera. Auzitegiak ohartarazi zuen Ganbarak ezin duela Mahaiak erabakita administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu, osoko bilkurako erabaki batekin egin behar baita.
Hori dela eta, osoko bilkurara eraman da helegitea aurkezteko proposamena eta JxCat, ERC, comuns eta CUP alderdien aldeko 74 botorekin, PSCren abstentzioarekin eta PP eta Cs alderdien kontrako 40 botorekin onartu da.
Josep Costa (JxCat) Parlamentuko lehen presidenteordeak estrategia juridikoa "irmotasun politikoarekin" lagundu behar dela adierazi du eta Clara Ponsatiren kasua jarri du eredu bezala, ez baitzuen amore eman Hauteskunde Batzordearen aurrean. Ganbarak adierazi du berdina egin beharko lukeela Torraren behin-behineko kargugabetzearekin.
Helegite horrek Exekutibo katalanaren "eskubideak defendatzea" suposatzen duela adierazi du Marc Sanglasek (ERC). Torrak presidentea izaten jarraitzen duela errepikatu du eta herritarrak direla hauteskundeen bidez aldatu behar dutenak, eta ez Hauteskunde Batzordea.
Marta Ribasek (comuns) Mahaiak helegite hori aurkeztea onartu zuela gogorarazi du, baina, Gorenak osoko bilkurak onartzea eskatzen duenez, ezin zaiola aitzakiarik jarri Gorenari "helegite hau onartu eta balioztatu ez dezan", adierazi du.
Carles Rierak (CUP) baieztatu du Torrarekiko elkartasunagatik eman dutela aldeko botoa, baina uste du helegitea ez doala inora: "elkartasuna erakutsiko dugu, hamargarren aldiz, eta dagoeneko nekatuta gaudela ziurtatzen dizuet, eta errepresioaren aurkako elkartasun zorrotzagatik emango dugu aldeko botoa".
Ferran Pedret sozialistak azaldu du ez duela Parlamentuak legalki jarritako helegitea oztopatu nahi eta horregatik abstenitu dela. Horrez gain, Ganbarak obeditzea ospatu du, arrazoia Torraren "desobedientzia politikoa" izan arren.
Kontra
Bozketa "Parlamentuaren bahiketa eta erabilera da, legeen gainetik dagoen presidente ohi bat defendatzeko", adierazi du Parlamentuko Ciudadanosen presidente Carlos Carrizosak. Gainera, Torra kargutik kentzea eta hauteskundeetara deitzea exijitu dio Espainiako Gobernuko Pedro Sanchez presidenteari.
Azkenik, Daniel Serrano popularrak Parlamentua ezin dela Torraren "aholkulari publikoa" bilakatu babestu du eta, bere iritziz, presidentearen gaitasungabetzea exekutatu daitekeela baieztatu du.