Politika -

XIV. legegintzaldia

XIV. legegintzaldiari ofizialki eman diote hasiera Kongresuan

Felipe VI.ak zuzendu du hasiera ekitaldia. Nabarmendu duenez, "Espainia denona eta denontzat da". ERC, EH Bildu, JxCat, CUP eta BNG ez dira saiora joan, monarkiaren kontra protesta egiteko.

Vista general del Congreso, durante la sesión de hoy. Foto: EFE
Vista general del Congreso, durante la sesión de hoy.
Espainiako erregearen hitzaldiarekin hasi da Kongresuan XIV. legealdia

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuan, Madrilen, gaur abiatu dute ofizialki XIV. legegintzaldia. Ohikoa den moduan, Espainiako erregeak zuzendu du saioa. Lehen aldiz ikusi ditugu PSOEren eta Unidas Podemosen ministroak Kongresuko jarleku urdinean. Horrez gain, ERC, JxCat, EH Bildu, CUP eta BNG alderdietako diputatuak ez dira ekitaldira joan, saioa Felipe VI. zuzendu behar zuela-eta protesta egiteko. Are, ordubete lehenago, agerraldia egin dute monarkiaren inguruko adierazpen bateratu bat irakurtzeko.

Felipe VI.ak bere hitzaldian nabarmen duenez, "Espainia ezin da batzuen eta besteen arteko borroka bat izan; Espainia denona eta denontzat da". Horren ildoan, diputatuei "Espainiaren interes orokorraren alde" egiteko eskatu die.

"Horrela nahi izan du Espainiako gizarteak azken 40 urteotan, eta hala nahi du aurrerantzean ere; hori da merezi duena", esan du Estatuko buruak. Felipe VI.ak Espainiako Konstituzioa aldarrikatu du "oinarri sendo" gisa. Erregearen ustez, "Espainia sentitzeko eta ulertzeko modu guztien elkargune izan da, biltzeko borondatea du eta Espainiaren lurralde aniztasun eta dibertsitatearekiko errespetua du".

Unidas Podemosen diputatu gehienek eta EAJkoek ez dute txalorik egin erregea Kongresura sartu denean, bai ordea, koalizio moreko ministroek.

Bere aldetik, Kongresuko presidente Meritxell Batetek esan die Gorteetako taldeei eta ordezkariei "euren gain duten betebeharrak eskatutakoaren mailan egon daitezela", eta "bestea errespetatu eta entzun dezatela": "Parlamentuan ez dago etsairik", ziurtatu du.

Bere hitzaldian, Batetek berretsi du beharrezkoa dela ordezkatuta dauden alderdiek elkar ulertzea, "komuneko helburuak lortze aldera", eta “"euren arteko aldeak bilatuz gal ez daitezen". Horregatik, eskatu die "hauteskunde-lehiatik eta alderdien arteko lehiatik haratago joateko", herrialdeko "oinarrizko erronkei heltzeko".

Eguneko bitxikeria, beste behin, Voxeko diputatuen aldetik iritsi da; izan ere, banku urdinaren gainean dagoen lehen ilaran eseri dira, hau da, PSOEko eta orain Unidas Podemoseko diputatuek erabiltzen dituzten aulkietan. Azkenean, Voxeko bozeramaile Ivan Espinosa de los Monterosek eskatu die alderdikideei beharrezko tokian esertzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Felipe VI.a Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak