Politika -
Inhabilitazioa
Parlamenteko Mahaiak Torra diputatu gisa berretsi du PSCren babesarekin
Gainera, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztea adostu dute, presidentea inhabilitatzeko Espainiako Hauteskunde Batzordeak eman zuen ebazpenaren aurka.
agentziak | erredakzioa
Kataluniako Parlamenteko Mahaiak Quim Torra Generalitateko presidentearen diputatu kargua berretsi du; ondorioz, atzera bota du Ciudadanosek eserlekua kentzeko egindako eskaera, Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak bere postua hutsik zegoela adierazi ostean (Espainiako Hauteskunde Batzordeak agindutako eta Auzitegi Gorenak berretsitako inhabilitazioa tarteko).
Parlamentuko iturrietatik jakinarazi dutenez, JxCatek eta ERCk Torrari eserlekua kentzearen aurkako botoa eman dute, eta gehiengo osoa dute. PSC-Unitsek ere kontra bozkatu dute. Ciudadanos izan da alde bozkatu duen bakarra (gainerako alderdiak bertan egon dira, baina ez dute botoa emateko eskubiderik).
Mahaiaren bileran aurkeztu dute Parlamenteko abokatuek egindako txostena. Testu horretan, errefusatu egiten dute Espainiako Hauteskunde Batzordeak Torrari diputatu agiria kentzeko gaitasuna, eta Generalitateko presidente karguan berretsi dute. Hori horrela, Mahaiaren gehiengoak abokatuen irizpidea jarraitu dute.
Parlamenteko Mahaiak atzera bota du, era berean, eta boto berberekin, PPk sartutako idatzia. Testu horretan Roger Torrent Parlamenteko presidenteari Generalitateko presidente berria hautatzeko harremanak abian jartzea eskatzen zioten popularrek.
Gainera, JxCatek, ERCk eta PSCk Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztea adostu dute, presidentea inhabilitatzeko Espainiako Hauteskunde Batzordeak eman zuen ebazpenaren aurka.
Dena den, Mahaiak ez du Bartzelonako Hauteskunde Batzordearen erabakia jorratu, Torraren eserlekua hutsik zegoela adierazi izana, alegia. Izan ere, Parlamenteko abokatuek ez omen dute ebazpen horren komunikazio ofiziala jaso.
Auzitegi Gorenak badaezpadako neurriak erabaki aurretik, hilaren 22an osoko-bilkura dago deituta Parlamentean, eta Torra bertan izango da diputatu eta presidente gisa.