Politika -

Politika utzi du

Semperrek 'elkarrizketa eta errespetua' aldarrikatu ditu bere agurrean

Borja Semperrek ukatu egin du politika alderdi barruko desadostasunengatik uzten duela, eta aurrerantzean Ernest & Young multinazionalean lan egingo duela iragarri du.

Borja Semper, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
Borja Semper, gaurko agerraldian.
Borja Semper: 'Ziklo amaiera bat da, etapa pertsonal baten bukaera'

2:14

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Agur diot, baina gero arte da izan" esaldiarekin utzi du politika Borja Semper Euskadiko PPko buruzagiak. Donostian, PPko egoitzan, eguerdian emandako prentsaurreko batean politikako lehen lerroa uzteko erabakiaren zergatiak azaldu ditu. "Arrazoi pertsonalak" aipatu ditu, eta erabat baztertu du alderdikideekin izandako "balizko desadostasunak" izatea erabaki horren eragileak. Bere agurrean, "elkarrizketa eta errespetua" aldarrikatu ditu, eta "lubakien politika" aldera batera uztea. 

Gipuzkoako 'popularren' presidenteak esker oneko hitzak izan ditu Alderdi Popularrarentzat. "Eskerrak eman nahi dizkiot alderdiari askatasunez hitz egiteko aukera eman didalako beti. Alderdi bat ez da sekta bat. Oso eroso sentitzen naiz PPn", adierazi du. Hala, politika uzteko erabakiaren atzean "ez daude balizko desadostasunak", azpimarratu du. Semperren hitzetan, "ziklo amaiera bat da, garai pertsonal baten amaiera. Ez dago beste irakurketarik edo arrazoirik".

Dena dela, politikagintzan nagusi den "giro liskartsua" deitoratu du, eta "elkarrizketa eta errespetua" aldarrikatu ditu: "Ideia sendoak izan ditzakezu eta aurkari politikoa errespetatu. Gaur egun kontrakoa badirudi ere, norberaren ideiak defendatzeko modu eraginkorrena da itxura eta mamia zaintzea". Horrela, "lubakien politika" baztertu du, "aurkari politikoak etsai bihurtzen baititu". 

Semperren hitzetan, erabakia "ez da erraza izan", baina "onena" da bere familiarentzat. Dena dela, ez du damurik agertu. "Politikan eman ditudan 25 urteek merezi izan dute. Berriro egingo nuke, demokraziaren alde, askatasunaren alde", azaldu du.

Politika utzita zer egingo duen galdetu diotenean, Semperrek esan du Ernest & Young (EY) multinazionalean erakundeekiko harremanetarako zuzendari lanetan jardungo duela aurrerantzean.

Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, Pablo Casado PPko buruzagiak 25 urteotan egindako ekarpenagatik esker ona adierazi dio Semperri, ETA jardunean zegoenean hartu zuen “arrisku pertsonala” nabarmenduta.  

"Eskerrik asko 25 urteotan Donostiagatik, Euskadigatik eta Espainiagatik eman duzun guztiagatik. Zure bizitza arriskuan jarri zenuen terroristen aurrean askatasuna defendatzeko. Alderdi Popularra zure etxea izango da beti eta onena opa dizugu zuri eta zure familiari aro berrirako", idatzi du Casadok bere Twitter kontuan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak