Politika -
Espainiako Gobernua
Koalizio gobernuaren 22 ministerioek 30 Estatu Idazkaritza izango dituzte
Sail bakoitzak izango dituen goi erakundeak eta lau presidenteordeen izendapenak jaso ditu gaur Estatuko Aldizkari Ofizialak.
Agentziak | Erredakzioa
PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak 22 ministerio izango ditu, eta horiek, guztira, 30 Estatu Idazkaritza. Osasuna, Kontsumo, Unibertsitate, Kultura eta Nekazaritza ministerioek kenduta, gainerakoek Estatu Idazkaritza bat edo gehiago izango dituzte.
Gobernu berriaren egitura zehaztu duen araua gaur kaleratu dute Estatuko Aldizkari Ofizialean. Jasotakoaren arabera, Inteligentzia Zentro Nazionala Defentsa Ministerioaren menpe egongo da, eta Kirolen Kontseilu Nagusia eta Komunikazio Estatu Idazkaritza, Presidentetzaren menpe.
Estatu Idazkaritzen ingurukoez gain, gobernuak izango dituen lau presidenteordeen izendatzeak (Carmen Calvo, Pablo Iglesias, Nadia Calviño eta Teresa Ribera) ere kaleratu ditu Estatuko Aldizkari Ofizialak. Maria Jesus Montero izango da Espainiako Gobernuko bozeramailea.
Presidentetza, Gorteekiko Harremanak eta Memoria Demokratikoaren Ministerioa Carmen Calvoren esku egongo da. Honako hauek izango dira bere egitekoak: "garrantzi konstituzionala duten gaien gobernu politika proposatzea eta aurrera eramatea, lege-programa garatzea eta memoria historiko eta demokratikoaren alorrean gobernu politika proposatzea eta aurrera eramatea, eta askatasun erlijiosoaren eskubidea bermatzea".
Pablo Iglesias Eskubide Sozialen eta Agenda 2030ren ministroaren ardurak honakoak izango dira: "gizarte ongizatea, familia, adingabeak, kohesioa, menpekotasun edo desgaitasunen bat duten pertsonak, gazteria eta animalien babesa". Horrez gain, "Nazio Batuen Erakundearen Agenda 2030a garatzeko zeregina ere izango du".
Nadia Calviño gai ekonomikoen presidenteordeari honakoak dagozkio: "arlo ekonomikoan gobernuaren politika proposatu eta garatzea, eta lehiakortasuna, telekomunikazioa eta informazioaren gizartea hobetzeko erreformak egitea". Era berean, transformazio digitala eta adimen artifiziala bultzatu eta garatzea ere izango du zeregin.
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako presidenteordeak "klima, energia eta ingurugiro arloan gobernuaren politika proposatu eta garatu beharko du, eta iraultza demografikoari aurre egiteko neurriak garatu beharko ditu". Halaber, "despopulatzearen kontrako politikak" ere bere gain egongo dira.
Ministerio gehienek bat edo bi Idazkaritza izango dituzte. Atzerri gaietako Ministerioak (Arancha Gonzalez Laya tolosarrarena), ordea, lau izango ditu.
Osasun, Kontsumo, Unibertsitate, Kultura eta Nekazaritza ministerioek ez dute idazkaritzarik izango.