Politika -
Koalizio-gobernua
Gizarte Segurantza, Gizarteratze eta Migrazio Ministerioa sortuko du Sanchezek
Espainiako Gobernuko presidenteak "demokraziako talde ekonomikorik onena" eratu nahi du bere kabinetean. Arrazoi horregatik, gai horri garrantzia gehiago emango diote.
Agentziak | Erredakzioa
Koalizio-gobernu berriak Gizarte Segurantza, Gizarteratze eta Migrazio Ministerioa izango du, Unidas Podemosek Lan Ministerioaren eskumenen zati bat bere gain hartu ondoren.
Espainiako Gobernuak ziurtatu duenez, Pedro Sanchezek "Espainiako demokraziako talde ekonomikorik onena" eratu nahi du bere kabinetean. Arrazoi horregatik, "gai horri garrantzia gehiago emango zaio bi ministerio gehigarritatik, ohiko eskumenez gain, bokazio ekonomiko argia duen ikuspegia izango baitute".
Testuinguru horretan, Moncloak dio Atzerri Gaietarako, Europar Batasunerako eta Lankidetzarako Ministerioan garrantzia gehiago emango diotela diplomazia ekonomikoari, eta horrez gain, arlo ekonomikoa sendotzeko asmoz Gizarte Segurantza, Gizarteratze eta Migrazio Ministerio berria sortuko dutela.
Margarita Roblesek orain arte egon den Ministerioan jarraituko du, Defentsan hain zuzen ere; Atzerri Ministerioa, aldiz, beste pertsona baten esku izango da (Roblesen zuzendaritzapean egon da azken hilabeteotan, jardunean): Arancha Gonzalez Laya gipuzkoar juristak hartuko du bere gain.
Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak eta Reyes Maroto Industria ministroak Espainiako Gobernuan jarraituko dute, Europa Press albiste-agentziak ostiral honetan baieztatu duenez.
Luis Planasek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro gisa jarraituko du, eta Jose Luis Abalos Sustapen ministroak ere orain arteko eskumen berberak izango ditu, baina baliteke bere sailak izena aldatzea.
Gainera, Isabel Celaa Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak eta Pedro Duque Zientzia ministroak karguei eutsiko diete. Maria Luisa Carcedo Osasun ministroa eta Jose Guirao Kultura ministroa, ordea, ez dira Espainiako Gobernu berrian izango.
Carolina Darias Kanariar Uharteetako kontseilaria Lurralde Politika eta Funtzio Publiko ministro berria izango da, Moncloako iturriek baieztatu dutenez. Darias Kanarietako Gobernuaren Ekonomia, Ezagutza eta Enplegu kontseilaria da egun.
Jose Manuel Rodriguez Uribes, Espainiako Gobernuak Madrilen izan zuen ordezkaria, Kultura eta Kirol ministro berria izango da.
Era berean, Unidas Podemosek lau ministro izango dituela baieztatu du Moncloak: Irene Montero (Berdintasuna), Yolanda Diaz (Enplegua), Manuel Castells (Unibertsitateak) eta Alberto Garzon (Kontsumoa).
Ministroen izenak ostegunean hasi ziren baieztatzen. Hala, Sanchezek lau presidenteorde izango ditu: Carmen Calvo (Presidentetza, Gorteekiko harremanak eta Memoria); Pablo Iglesias (Eskubide Sozialak eta Agenda 2030); Nadia Calviño (Ekonomia eta Tranformazio Digitala) eta Teresa Ribera (Trantsizio Ekologikoa eta Demografia).