Politika -
Espainiako Gobernu berria
Koalizio-gobernuak lau presidenteorde izango ditu, horietako hiru emakumeak
Maria Jesus Montero izango da Gobernu berriaren bozeramailea, eta Ogasun ministro izaten jarraituko du. Unidas Podemosek lau ministerio zuzenduko ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchezek igande honetan jakinaraziko dio Espainiako erregeari bere Gobernua nortzuk osatuko duten, eta ministroek astelehenean egingo dute karguaren zina. Ezustekorik ez bada, PSOE eta Unidas Podemosen koalizio-gobernuak asteartean egingo du bere lehen Gobernu-bilera.
Nolanahi ere, ostegun honetan hainbat ministroren izenak iragarri dituzte. Espainiako Gobernu berrian lau presidenteorde izango dira: Carmen Calvo (Presidentzia, Gorteekin Harremanak eta Memoria); Pablo Iglesias (Eskubide Sozialak eta 2030 Agenda); Nadia Calviño (Ekonomia eta Transformazio Digitala); eta Teresa Ribera (Trantsizio Ekologikoa eta Demografia).
Isabel Celaaren lekua hartuta, Maria Jesus Montero izango da Gobernuaren bozeramailea. Halaber, Ogasun Ministerioa zuzentzen jarraituko du.
Unidas Podemosek lau ministro izango ditu: Irene Montero (Berdintasuna), Yolanda Diaz (Enplegua), Manuel Castells (Unibertsitateak) eta Alberto Garzon (Kontsumoa).
Isabel Celaak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro izaten segituko du, eta Pedro Duquek Zientzia ministro karguari eutsiko dio, Europa Press agentziak aurreratu duenez.
Bestalde, Maria Luisa Carcedo jarduneko Osasun ministroa eta Jose Guirao egungo Kultura ministroa ez dira Gobernu berrian izango.