Politika -
Telefono-hizketaldia
Sanchez eta Torra Gobernua osatutakoan bilduko dira, Madrilen edo Bartzelonan
Espainiako Gobernuak esan du bi presidenteen arteko telefono-hizketaldia "adeitsua" izan dela; bilera horrek "PSOEk eta ERCk hitzartutako negoziazio-mahaia bideratzea" espero du Kataluniako Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchezek eta Quim Torrak, Espainiako Gobernuko presidenteak eta Kataluniako Generalitateko presidenteak, telefonoz hitz egin dute goizean, eta Espainiako Gobernua osatu eta gero biltzea adostu dute. Ez dute zehaztu, baina, batzar hori Madrilen edo Bartzelonan egingo duten, ezta noiz izango den ere.
Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, 09:30ean hasi dira elkarrekin hizketan, zazpi bat minutu eman dituzte horretan, eta hizketaldi "adeitsua" izan da.
Bi gobernuek elkarrizketaren gaineko agiri bana zabaldu dute, eta bi agiriak oso antzekoak dira; Generalitatearen Presidentetzatik nabarmendu dutenez, baina, hitzartutako bilera horrek "PSOEk eta ERCk adostutako negoziazio-mahaia bideratu beharko luke". Erdietsitako akordioaren arabera, Sanchezen Gobernua osatu eta gero, 15 eguneko epea izango da mahai hori osatzeko.
"Elkarrizketa berriro hasi eta hari berriro ekin"
Hizketaldian Espainiako Gobernuko presidenteak Torrari esan dionez, "elkarrizketa berriro hasi eta hari berriro ekin nahi" dio, eta "benetako asmoa" du "Kataluniako gatazkari irtenbidea ematen saiatzeko".
Kataluniarako irtenbide bat topatzen saiatzeko, PSOEk ERCrekin itundutako negoziazio-mahaia baliatuko dute. Bi alderdiek azken asteotan izandako elkarrizketen ondorio nagusia izan da ERC Sanchezen inbestiduran abstenitzea, eta horri esker bideratu ahal izan dute Sanchezen inbestidura.
Negoziazio-mahai horretan adostutako balizko neurriak, gainera, Kataluniako herritarrek balioetsi beharko lituzkete, kontsulta baten bidez. ERCrekin hitzartutako inbestidura-akordioan jasota dagoenez, kontsulta hori "sistema juridiko eta politikoaren barnean dauden edo egon litezkeen baliabideekin bat" egingo litzateke.
Hasiera batean, Torrak zalantzan jarri zuen PSOEren eta ERCren arteko akordioak alderdien arteko adostasuna jasotzea; izan ere, JxCAT (Torraren alderdia) akordiotik kanpo zegoen. Halaber, Torrak deitoratu egin zuen akordioak ez jasotzea kontalariaren figura; Sanchezek eta Torrak 2018ko abenduan Pedralbesen egin zuten bileran, aldiz, PSOEk onartu egin zuen kontalaria egotea.
Abenduaren 17tik, lehen elkarrizketa
Ostegun honetako hizketaldiaren aurretik, abenduaren 17an hitz egin zuten elkarrekin azkenekoz Sanchezek eta Torrak. Orduan, Sanchezek deitu zion Torrari, ERCrekin abian zuen negoziazioa errazteko asmoz. Hauteskunde-kanpainan, baina, Espainiako jarduneko presidenteak uko egin zion Torraren deiei erantzuteari; izan ere, Sanchezen iritziz, Kataluniako presidenteak ez zituen behar bezain irmo salatu proces auziaren epaia plazaratu ostean kaleetan izan ziren istiluak.
Abenduan, Sanchezek autonomia-erkidego guztietako presidenteekin hitz egin zuen, eta sorta horren testuinguruan sartu zuen Torrarekin izan zuen hizketaldia. Orain, aldiz, Torrarekin bakarrik hitz egin du.