Politika -
PSOE-Unidas Podemos Gobernua
Sanchezek datorren astean jakinaraziko du Gobernu berriaren osaketa
Ione Belarra Podemoseko diputatu nafarra 2030eko Agendaren Estatu idazkaria izango dela baieztatu dute arratsalde honetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak datorren astean jakinaraziko du PSOE-Unidas Podemos koalizio-gobernua nortzuk osatuko duten.
Arratsaldean, Meritxell Batet Kongresuko prsidentea Felipe VI erregearekin bildu da Zarzuela jauregian, inbestidurako bozketaren emaitzak ofizialki jakinarazteko.
Estatuko Aldizkari Ofizialean izendapena argitaratu ostean, Sanchezek asteazken honetan (11:00) egingo du presidente karguaren zina erregearen aurrean.
Hasierako aurreikuspenaren arabera, bihar edo etzi iragarri behar zuten Gobernuaren osaketa, lehen ministro bilera ostiral honetan bertan egin ahal izateko.
Alabaina, Sanchezek "denbora gehiago hartzea" erabaki du, datozen egunetan presarik gabe Gobernu berrian izango diren ministroekin hitz egiteko, PSOEko iturriek zabaldu dutenez.
Dagoeneko, jakina da Carmen Calvo izango dela lehen presidenteordea; Pablo Iglesias izango da arlo sozialeko bigarren presidenteordea; eta Nadia Calviño, arlo ekonomikoko hirugarren presidenteordea.
Baieztapen ofizialaren zain, oso litekeena da Podemoseko Irene Montero Berdintasun ministroa izatea; Yolanda Diaz, Lan ministroa; Alberto Garzon Kontsumo ministroa; eta Manuel Castells Unibertsitate ministroa.
Halaber, Ione Belarra Podemoseko diputatu nafarra 2030eko Agendaren Estatu idazkaria izango dela iragarri dute arratsalde honetan.
Horrez gain, Europa Press agentziaren arabera, Jose Luis Abalosek, Mari Jesus Monterok eta Isabel Celaak Gobernuan jarraituko dute.