Politika -
Katalunia
Torra diputatu gisa gaitasungabetu duela zehaztu du Hauteskunde-batzorde zentralak
Bestalde, sei kidek boto partikularra aurkeztu dute, Hauteskunde-batzordeak jardunean dagoen parlamentari bat gaitasunik gabe uzteko ahalmenik ez duela iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauteskunde-batzorde zentralak zehaztu du Quim Torra Kataluniako Parlamentuko diputatu izateko gaitasunik gabe utzi duela, eta ez Generalitateko presidente izateko.
Hauteskunde-batzordeak urtarrilaren 3an eman zuen bere erabakiaren berri, eta ebazpen horrek hautsak harrotu zituen Generalitatean eta Kataluniako Parlamentuan.
Gaur, baina, ebazpen horren xehetasunak jakinarazi dituzte. Hauteskunde kanpainan lazo horiak kentzeari uko egiteagatik, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Torra zigortu egin du, desobedientzia delitua egotzita.
Hauteskunde-batzorde zentralaren arabera, epai horrek hautagai izateko aukerarik gabe uzten du eta, ondorioz, Torra ezin daiteke parlamentari izan.
Hauteskundeetako lege organikoaren 6.2.b) artikulua aipatzen du bere erabakia justifikatzeko. Araudi horrek dio ezin daitezkeela hautagai izan matxinadagatik, terrorismoagatik edo Administrazioaren nahiz Estatuko erakundeen aurkako delituengatik zigortutako pertsonak, epaia irmoa ez bada ere.
Eta Torra administrazio publikoaren kontrako delituak egotzita gaitasunik gabe utzi dutenez, Hauteskunde-batzorde zentralak uste du ez duela eskubiderik diputatu kargua betetzeko.
Horrenbestez, Torrari diputatu txartela kentzeko eta harena JxCATen hautagaitzako ondorengoari eman diezaiola agindu dio Hauteskunde-batzorde zentralak Bartzelonakoari.
Hauteskunde-batzorde zentralak ez dio Generalitateko presidente karguari inolako aipurik egiten, hori ez baita bere eskumena. Baina parlamentari kargurako gaitasunik gabe utzita, Torrak ezingo luke presidente izan.
Sei boto partikular
Hauteskunde-batzordearen erabakia irmoa da, baina Auzitegi Gorenean haren aurkako helegitea aurkezteko aukera izango du Torrak.
Aipatu batzordea 13 kidek osatzen dute eta horietako seik boto partikularra eman dute. Bartzelonako hauteskunde-batzordeak ez zeukan ahalmenik Kataluniako parlamentari baten gaitasungabetzeaz erabakitzeko, Kataluniako Auzitegiaren epaia irmoa ez delako eta Auzitegi Gorenean errekurtsoa jartzeko aukera dagoelako.
Areago, batzorde-kide horien arabera, Torrak Bartzelonako hauteskunde-batzordearen erabakia baliogabetzeko egin zuen eskaria onartu egin behar zuten.