Politika -
INBESTIDURA
ERCk eta PSOEk kontsulta bat hitzartu dute negoziazio mahaiaren akordioak berresteko
ERCko eta PSOEko negoziatzaileen arteko akordioaren xehetasunak ez dira publiko egingo datorren ostegun arratsaldera arte.
Agentziak | Erredakzioa
ERCko eta PSOEko negoziatzaileek Pedro Sanchezen inbestidurarako sinatutako akordioak jasotzen duenez, Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko negoziazio mahaitik ateratzen diren akordioez galdeketa egingo dute, Kataluniako herritarrek berretsi edo atzera bota ditzaten.
Hori da bi alderdien arteko akordioak jasotzen duen puntuetako bat, Ara egunkariak aurreratu duenez, eta iturri errepublikanoek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenez.
Iturri berberek nabarmendu dutenez, Espainiako Gobernuak eta Generalitateak adosten dutena "demokratikoki baliozkotzeko gobernuen arteko mahaia sortuko da, eta hautetsontziak egongo dira amaieran".
ERCko eta PSOEko negoziazio taldeen arteko akordioaren xehetasunak ez dira jakitera emango, errepublikanoen kontseilu nazionaleko kideek datorren ostegunean, urtarrilaren 2an, arratsaldean, jakin arte; orduan erabaki beharko dute sozialistei emandako konpromisoak nahikoak diren Sanchezen inbestiduran abstenitzeko, eta Moncloako buruzagitzan jarrai dezan.
Alderdiko zuzendaritza bildu ostean, Marta Vilalta ERCko bozeramaileak astelehenean defendatu zuen gobernuen arteko negoziazio mahai bat eratzea "aukera" bat dela "bide politikoa aktibatzeko" eta Kataluniako gatazka bideratzeko.
"Eszeptikoak gara, eta ez dugu inozoak izan nahi; kosta egiten zaigu PSOE honetan eta Gobernuan sinestea, baina uste dugu aukera bat dela aprobetxatu nahi dugun independentismoarentzat, aprobetxatzeko betebeharra dugula. Saiatzea merezi du", esan zuen Vilaltak.
Bestalde, Alderdi Sozialistak bere Batzorde Exekutibo Federala deitu du urtarrilaren 3rako, ostiralerako, ERCrekin inbestidurari begira lortutako akordioaren berri emateko eta berresteko, iturri sozialistek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenez.
Bi alderdiek zuzendaritza organoen babesa lortu ostean, urtarrilaren 4an, 5ean eta 7an egingo dute inbestidura saioa, Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidenteak astearte honetan talde parlamentarioetako ordezkariei jakinarazi dienez.