Politika -
Ustelkeria
Jordi Pujolek 885.000 euroko iruzurra egin zuela esan du Ogasunak
Alabaina, delitua preskribatuta dago jada. Antza denez, 2000. urtean ordaindu gabe utzitako zerga horiek, "eskudirutan egindako" jatorri ezezaguneko “diru-sarrera" bati dagozkio.
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohiak 885.000 euro baino gehiagoko iruzurra egin zuen 2000. urtean, Espainiako Zerga Agentziak Auzitegi Nazionalari emandako txosten batean aitortu duenez. Dena dela, delitua preskribatuta dagoela azpimarratu du.
"Preskribatuta dagoen ekitaldi fiskal bat izan arren (2000. urtekoa), PFEZean sartzeari utzitako kuota 885.651 eurokoa da, erantsitako erregulazio-proposamenean zehazten denaren arabera, zergapekoaren banku-kontuan justifikatu gabeko eskudirutan sartzeagatik", ondorioztatu du Ogasunak agiri horretan.
Zehazki, Kataluniako presidente ohiak ordaindu gabe utzitako zerga horiek, "eskudirutan egindako" 307 milioi pezetako (1,8 milioi euro baino gehixeago) jatorri ezezaguneko “diru-sarrera" bati dagozkio. 2000ko irailaren 21ean izan zen hori, Andbank erakundearen kontu batean.
Iruzurraren Ikerketarako Bulego Nazionalak (ONIF, gaztelaniazko sigletan) egindako txostenaren arabera, kontu horren "legezko titularra" Jordi Pujol Ferrusola zen, baina horren "benetako jabea" haren aita zen, hark 2000. urte bereko dokumentu batean –txostenari erantsita– aitortu zuen bezala, non idatziz utzi zuen hilez gero dirua Marta Ferrusola emazteari pasatu behar zitzaiola.