Politika -
28. Kongresu Nazionala
Negoziaketaren alde egiten duen ponentzia politikoa onartu du ERCk, botoen %93rekin
"Independentziak ez du atzera bueltarik eta erreferendum berri bat saihestezina da", esan du Junquerasek kartzelatik igorritako audio batean.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
ERCko 28. Kongresuan parte hartu duten militanteen gehiengoak, %93ak hain zuzen ere, babestu du hurrengo urteetarako ibilbidea zehazten duen ponentzia politikoa larunbat honetan. Ponentzia horrek autodeterminazioa eta independentzia lortzeko Estutuarekin negoziatzearen aldeko apustua egiten du, eta ia osotara onartu da zuzendaritzak proposatutako testua, aldaketa gutxi batzuekin.
Ponentzia politikoak 558 boto jaso ditu alde, 20 kontra eta 19 txuri.
Gainera, Kongresuak botoen %91,01ekin onartu du alderdien estatutuen gaineko ponentzia. Ponentzia honek ERCren Estatutuak eta barne antolaketa zehazten ditu. Orain arte alderdiko presidentea eta idazkari nagusia lau urterako onartzen ziren eta behin eta berriz hauta zitezkeen gehienez 12 urte karguan egin arte. Gaur onartuko ponentziak aldaketa bat ezartzen du: "epe hori bertan behera geratuko da kargua bere osotasunean garatu ahal izan ez badute".
Hain zuzen ere, aldaketa horri esker Oriol Junqueras ERCko presidenteak eta Marta Rovira idazkari nagusiak luzatu egin ahal izango dute euren agintaldia; lehena kartzelan eta bigarrena erbestean daudenez, ezin izan baitute kargua bere osotasunean garatu. Estatutu zaharrekin 2023an amaitzen zen euren agintaldia, baina gaurko aldaketarekin denbora gehiagoz egon ahal izango dira agintean.
Junqueras: "Independentziak ez du atzera bueltarik eta erreferendum berri bat saihestezina da"
Gaur, mezu bat bidali du kartzelatik Oriol Junquerasek berak, Kongresuan. Kataluniako Errepublika eraikitzeko bidean, independentziak ez duela "atzera bueltarik" eta "erreferendum berri bat saihestezina" dela esan du.
Erreferendum berri bat beharrezkoa dela defendatu du audio batean eta independentismoari eutsi eta hura indartzeko deia egin du, behar den garaia iristen denean "independentziaren aldeko gehiengoa erabakigarria izan dadin".
Bestalde, Pere Aragones ERCko koordinatzaileak ohartarazi du Kataluniaren eta Estatuaren arteko eztabaida eta negoziazioa posible izateko "politikak errepresioa ordezkatu behar duela". Ildo horretan, Esquerrak "politika eragozten duten hormak hausteko papera" bere egin duela adierazi du.
Aragonesek ireki du Kongresua, eta hasiera diskurtso horretan garbi utzi du alderdi subiranista prest dagoela "kataluniar guztiak igaro daitezkeen bide zabalak irekitzeko".
ERCk bai Espainiako hauteskunde orokorretan bai udal hauteskundeetan izandako garaipenak kontuan izanda, Katalunian eskubide demokratikoak gauzatu ahal izateko behar diren prozesu politikoak irekitzeko prest daudela esan du, "autodeterminazio eskubidea barne".
Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak ohartarazi du ez dutela "doan" negoziatuko, "ezer gertatu izan ez balitz bezala", ez baitute konfiantzarik Espainiako instituzioetan. Horiek konfiantza eta zilegitasun krisi batean murgilduta daudela ere esan du.
Errepresioak elkarrizketaren bidean aurrera egitea oztopatzen duela ere gehitu du Rovirak: "Ez da posible gatazka politikoari irtenbidea ematea errepresioa geratzen ez bada, eta preso politikoentzako amnistiarik gabe".
Ponentzia politikoa
Ponentzia politikoak ERCk hurrengo urteetarako izango duen estrategia politikoa zehazten du. Hala, hiru bide aipatzen ditu autodeterminazio erreferendum bat lortzeko: lehena, Estatuarekin negoziatutako eta adostutako bidea, nahiz eta oraintxe "ezinezkoa" dela aitortu. Bigarrena, "erreferenduma deitu behar izatera behartzea" da, hau da, mobilizazioa desobedientzia zibileko ekintza ez biolentoekin konbinatzea, Kataluniako instituzioek ere bide horri heltzen dioten bitartean, eta kontsentsu zabalak sortzea zein nazioarteko konplizitateak lortzea, Estatua erreferendum bat adostera behartzeko. Eta hirugarrena, ERCrentzat lehentasuna ez dena, Estatuaren baimenik gabeko erreferenduma egitea da, nahiz eta inongo momentutan ez den "aldebakarreko" hitza agertzen testuan.
ERCk 2018ko uztailean egin zuen Nazio Konferentzian onartu zuen ponentzia politikoaren bidetik, Kongresu honetan bozkatutako ponentziak independentziak babes gehiago behar duela aitortzen du. "Independentismoa indartsuagoa" izan behar dela berresten da, Estatuarekiko elkarrizketa defendatzen da, baina erreferenduma lortzeko inolako bideri uko egin gabe.
Hurrengo Kataluniako hauteskundeetan independentistek botoen %50 baino gehiago lortu beharko lituzketela ere esaten du testuak. Hori ez dela nahikoa izango gatazka konpontzeko aitortzen dute, baina bai beharrezkoa.
Carmen Calvo PSOE-ERC negoziaketari buruz: "Ezberdinen artean, irtenbidea aurkitu behar diogu Kataluniari"
Carmen Calvo funtziotan den Espainiako presidenteordea Kordoban izan da gaur, eta bertatik, erreferentzia egin dio ERCren kongresuari eta kataluniarrekin garatzen ari diren elkarrizketari. Zentzu horretan, "ezberdinen artean, irtenbidea aurkitu behar diogu Kataluniari", nabarmendu du.
ERC kongresua egiten ari den bitartean, Pedro Sanchez buru duen Gobernua PPren "herentzia nozitzen" ari dela salatu du, izan ere, "PPko buruzagiek, urte luzez, politikaren bidea alde batera utzi zuten Kataluniak azkenean hartu duen bidea hartu zezan, eta politika sententzia bidez kudeatzeko".
Horregatik, "etapa honetatik irteteko, ez dago eseri eta adostea beste biderik, Zuzenbide Estatuak eta oinarri demokratikoek uzten diguten markoen arabera", zehaztu du.
Kontrako norabidean, PPk iragarri du Lledonerseko espetxearen arduradunaren aurkako jardunbide legalak hastea aztertzen ari direla Junquerasek ERCko kongresuan audio bidez parte hartu ahal izan duelako. Hala iragarri du Pablo Montesinos Komunikazio idazkariak.
Cayetana Alvarez de Toledok txio bat argitaratu du, eta bertan, Junquerasi "gaizkile" deitu dio eta Pedro Sanchez kritikatu du.
Une erabakigarrian iritsi da ERCren kongresua. 48 ordu ere ez dira igaro EBko Justizia Auzitegiak Oriol Junqueras ERCko buruaren immunitatea aitortu zuenetik eta erabaki horren ondoren, Pedro Sanchezen inbestidura posible egiteko PSOE eta ERC garatzen ari ziren elkarrizketak etenda geratu zirenetik.