Politika -
Espainiako Gobernua
PSOEk abstentzioa eskatu dio PPri eta baietza CSi, ERCren menpe egotea nahi ez badute
Casadok ez du Sanchezen inbestidura ahalbidetuko ERCren menpe dagoen bitartean. Arrimadasek, berriz, 4 puntuko akordioa eskaini dio Sanchezi Gobernu moderatua osatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez inbestidurarako hautagai eta PSOEko buruak abstentzioa eskatu dio Pablo Casado PPko presidenteari eta baietza Ines Arrimadas Csko bozeramaileari, etorkizuneko gobernua ERCren jarreraren menpe egotea nahi ez badute.
Adriana Lastra Kongresuko bozeramaile sozialistak Sanchezek Casadorekin, lehenik, eta Arrimadasekin, ondoren, egindako bileren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, horiek izan dira jarduneko presidentearen eskaerak.
Pablo Casado PPko buruzagiak astelehen honetan salatu duenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea "kartzelatik datorren ERCren ziurtagiri baten zain baino ez dago, Unidas Podemosekin askatasunez aukeratu duen akordioa sinatzeko". Testuinguru horretan, bere alderdiak uko egiten dio itun horren aurrean abstenitzeari, eta ERCren menpe dagoen bitartean ez duela hautagai sozialistaren inbestidura ahalbidetuko berretsi du.
"Sanchez irteerarik gabeko kalezulo batean harrapatuta dago. Oposizioko alderdi nagusia izanik, egoera horri irtenbide bat ematea eta legealdi egonkor bat bermatzea dagokigu, hori baita Espainiari ondo datorkiona", azpimarratu du PPko buruzagiak.
Sanchezek eta Casadok 45 minutuko bilera egin dute goizean Kongresuan, hautagai sozialistaren inbestiduraren inguruan hitz egiteko. Horren ostean, Casadok esan du PP ezin dela "abstenitu Podemoseko komunistak agintean dituen gobernu sozialista baten aurrean, akordio hori hilgarria izango litzatekeelako Espainiarentzat".
Azaroaren 10eko hauteskunde orokorren ostean bi buruzagiek egin duten lehen hitzordua 09:40an hasi da, aurpegi serioarekin, hedabideen aurrean bostekoa emanda.
Sanchezek Casadorekin hasi du inbestiduraren inguruan hitz egiteko bilera-sorta, erregeak hautagai sozialista horretarako formalki izendatu eta gero. Astelehen honetan, Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramailearekin ere elkartu da, eta, bihartik aurrera, autonomia erkidegoetako presidenteekin hitz egingo du, telefono bidez.
Bi buruzagiek izandako topaketan, ez duela bere inbestidura ahalbidetuko jakinarazi dio Casadok hautagai sozialistari, baina Espainiarentzat funtsezkoak diren gaietan eta gobernagarritasuna erraztuko duten estatu-itunetan akordioak lortzeko prest agertu da.
Larunbatean, PPren Gabonetako bazkarian, Sanchezen aurkako adierazpen gogorrak egin zituen Casadok. "Ez dezala ezer espero astelehenean, bere izaera galdu duen sozialismoaren aurrean alternatiba den alderdi bat aurkituko duelako, noraezera garamatzan nazionalismoarekin amaituko duena”, esan zuen.
Pedro Sanchez eta Ines Arrimadas gaur goizean.
Sanchez eta Arrimadasen arteko bilera
Casadorekin bildu ostean, 11:00ak aldera, Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramailea hartu du Sanchezek, lehen aldiz, Kongresuan. Arrimadasek alderdi laranjaren buruzagitza hartu zuen Albert Riverak dimisioa eman ondoren.
Arrimadasek akordio bat eskaini dio Pedro Sanchez buruzagi sozialistari gobernagarritasun akordio moderatu eta egonkor batera iristeko, lau puntutan oinarrituta: Estatu itunak, hezkuntzaren aldeko itun nazionala, zergak ez igotzea eta hauteskunde erreforma.
Arrimadasek berretsi duenez, "221 eserlekuen bidea (PSOE, PP eta CS) egingarria da: Europan egin badugu, zergatik ezin dugu Espainian egin?", galdetu du Kongresuan emandako prentsaurrekoan.