Politika -

ESPETXE POLITIKAREN TXOSTENA

Presoen auziari irtenbidea emateko adostasuna sendotu egin dela dio Foro Sozialak

"Eragile guztiak bat datoz presoen problematika araudi arruntaren eta espetxe-politika normalizatuaren aplikazio hutsaren bidez bideratu daitekeela" adierazi dute Foro Sozialeko bozeramaileek.

Agus Hernan eta Teresa Toda txostenaren datuak aurkezten. Argazkia: Foro Soziala
Agus Hernan eta Teresa Toda txostenaren datuak aurkezten.
Espetxe-politikaren erradiografia egin du Foro Sozial Iraunkorrak

1:45

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Espetxe politikaren aurrerapenak, trabatzeak eta atzerapenak" txostena aurkeztu du larunbat honetan Foro Sozialak, azken 18 hilabeteetan espetxe politikan izan den ibilbidearen datuak bilduz eta ondorioak plazaratuz. Espainiako Gobernuak "erritmo zuhurregia" izan duela ohartarazi dute, "agian, iraganeko estrategiei erantzuten zieten politikekiko gatibutasun-printzipio bat nagusitu" dela, baina kontrara, hilabete hauetan "gure herrian dagoen adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozial zabala sendotu" egin dela uste dute.

Agus Hernanek eta Teresa Todak Donostian emandako prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, 2018ko uztailetik aurtengo azarora izan diren aldaketei erreparatuz gero, badago aldaketa nabarmen bat: "Duela urtebete, aktore desberdinek presoen auziaren irtenbidea arrazoi humanitarioekin lotzen zituzten baina, gaur egun, eragile guztiak bat datoz presoen problematika arrazoizko epe batean konpontzea, araudi arrunta eta espetxe-politika normalizatuaren aplikazioa hutsaren bidez, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ekarpen garrantzitsua izango litzatekeela.

Gainera, biktima gehienek "eskuzabaltasunez" heltzen diotela egoera berriari ere adierazi dute.

2018ko ekainean, EPPK presoen auzian bide judizialari heltzea erabaki zuela gogoratu du Foro Sozialak, gradu aldaketak eskatuz, espetxean lana egiteko aukera irekiz, ohiko irteera baimenak eskatuz eta komunikazioen interbentzioen amaiera eskatuz. Kolektiboaren %66,6k heldu zion ohiko espetxe araudiaren bidea jorratzeko aukerari orduan eta gaur egun %75,7 dira.

Datu hori eskutan, Hernan eta Todak "EPPK kolektiboa osatzen duten presoen borondate irmoa" ere nabarmendu dute.

"Gehiengo instituzionala eta soziala hemen; gehiengo politikoa Diputatuen Kongresuan; presoen borondate irmoa espetxe-araudiaren barruan beharrezko urratsak egiteko eragindako mina aitortzea barne; biktimen eskuzabaltasuna. Pixkanaka-pixkanaka ari dira baldintzak eraikitzen gai honi behin betiko konponbidea emateko, arrazoizko epe batean, betiere modu irmoan eta iraunkorrean egiten bada" hausnartu dute Foro Sozialeko bozeramaileek.

Gradu politika "pitin bat malgutu" da

EPPK Kolektiboko preso kopurua 280 pertsonatik 246ra jaitsi da (205 Espainiako Estatuan eta 36 Frantzian). Gehienek lehen graduan egoten jarraitzen dute, baina dozenaka batzuk lehen gradu "malgura" eta bigarren gradura igaro dituzte.

Lehen gradu horretan dauden 128 presoetatik 31 erregimen itxian (bakartuta) daude.

Foro Sozialak emandako datuen arabera, gainera, 2. graduan dauden 45 presoak irteteko ohiko baimenak eskatzen ari dira "baina salbuespen bakanen bat kenduta, ezezkoak etengabeak dira".

Irteera baimen bat disfrutatu izana ezinbesteko baldintza da 3. gradua eskatzeko, eta horrekin, behin-behineko askatasuna lortzeko, zigorraren 3/4ak beteta izanez gero (gradu horretan diren 45 pertsonetatik 32k beteta dute epe hori). Gauzak horrela, Foro Sozialak salatu du irteera baimen horiei ezezkoa emanda, erabat galarazten dela preso horiek behin-behinean aske geratzeko aukera, zigorra erabat bete arte.

201 gizonezkok eta 35 emakumek osatzen dute EPPK. Emakume horietako 12 beste euskal emakumerik ez dagoen espetxeetan daude, espetxealdia "bakardadean" igarotzen ari dira, beraz, eta 6 gizon ere egoera horretan daude.

148 preso Euskal Herritik 520 kilometrora dauden espetxeetan ari dira zigorra betetzen eta 58 pertsona 520 km baino gertuago (Asturiasen, Gaztela Leonen, Madrilen eta Aragoin). Bost preso bakarrik daude Euskal Herrian, larri gaixo guztiak: 3 etxeko espetxealdian eta 2 Zaballan edo haren menpeko zentro batean.

DATUAK:

EPPK presoak: 246 (280 2018ko uztailean)

Bide judizialari heldu dioten presoak: 159 [%75,7] - (114 [%51] 2018an)

Lehen graduan diren presoak: 128 [%61,7] - (204 [%92%] 2018an)

Lehen gradu "malguan" diren presoak: 34 (0 2018an)

Bigarren graduan diren presoak: 45 (14 2018an)

Hirugarren graduan diren presoak: 0 (2018an)

2. graduko ohiko baimen onartuak: 8 (1 2018an)

Gerturatzeak: 25+2

Urruntzeak: 5

Gaixo dauden presoak: 19 (21 2018an)

Espetxetik atera eta gero hildako presoak: 3 (2019)

Senideek bidean izandako istripuak: 8 (7 2018an)

Foro Sozialak "konponbiderako premiazko agenda" delakoan zehaztu zituen bost puntuak gogoratu ditu: gaixotasun larriak dituzten presoen zigorrak humanizatzea; presoak bere familiak gertu dauden espetxeetara hurbiltzea, graduen politika aldatzea; Europa Batasunean ezarritako zigorrak metatzea; eta espetxe arloko eskumenak EAEra eta Nafarroara igortzea.

Pedro Sanchezen Gobernuak nahikoa ez duela egin esan duten arren, etorkizunean aurrerapausoak ematea espero dutela adierazi dute eta "edalontzia erdi beteta" ikusteko deia egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak