Politika -
Kartzela politika
Pedro Sanchez Gobernuan dagoenetik 27 euskal preso gerturatu dituzte
Foro Sozialak euskal presoen egoeraren erradiografia egin du, eta bihar datu guztiak emango dituen arren, batzuk aurreratu ditu. Orotara, 210 euskal preso daude Espainiako Estatuko kartzeletan.
eitb.eus
Foro Sozialak euskal presoek duten egoerari buruzko erradiografia egin du, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente denetik iragan azarora arteko datuak aintzat hartuta. Bihar aurkeztuko du txostena osorik, 11:30ean, Donostian, baina gaur datu batzuk aurreratu ditu.
Zabaldu duenez, guztira 210 euskal preso daude Espainiako Estatuko kartzeletan. Horietatik 128 daude lehen graduan, gogorrenean, baina duela urte eta erdi ia denak (204) ziren gradu horretan zeudenak. Bigarren graduan, berriz, 14tik 45era igo da kopurua epe berean. Hirugarren graduan ez dago euskal presorik Espainiako Estatuan.
Euskal presoak Euskal Herrira gerturatzeari buruz, Foro Sozialak jakinarazi du 27 mugitu dituztela gertuago dauden kartzeletara Sanchez agintean dagoenetik, baina 5 urrundu egin dituzte.
Bederatzi presok baimenak jaso dituzte hainbat ekintzatan parte hartzeko, baina bigarren graduan dauden gehienen baimen eskaerak atzera bota dituzte.
Biharko prentsaurrekoan zehaztuko eta zabalduko dituzte datuak, tartean Frantziako Estatukoak.