Politika -

Inbestidura

Urkulluk lurraldetasun auziari 'taktizismorik' gabe heltzeko eskatuko dio Sanchezi

Bestalde, Estatutu berria "kaxoi batean" utzi nahi izatea leporatu dio lehendakariak EH Bilduri.

Urkullu Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Artxiboko argazkia: EFE
Urkullu Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran
Urkullu Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak baieztatu duenez, asteartean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen dei bat jasoko du, eta Espainiako lurraldeen arazoa "egituraz" eta "taktizismorik gabe" aztertzeko eskatuko dio.

Urkulluk Eusko Legebiltzarreko korridoreetan egin dizkie adierazpenok kazetariei, eta bertan azaldu du Moncloaren dei bat jaso berri duela, asteartean jarduneko presidentea harekin telefonoz harremanetan jarriko dela iragarriz.

Lehendakariak esan du Sanchezek badakiela zeintzuk diren Eusko Jaurlaritzak euskal autogobernuaren inguruan aldarrikatzen dituen gaiak.

"Ez gaude isiltzeko garaian. Garaiz heldu behar zaio egoerari, egituraz. Denbora daramagu mahai baten zain, eta gai horiek egiturazkoak direla uste dugu, eta ez koiunturazkoak", azaldu du. Lehendakariak "mahai politiko" bat eratzea eskatu du, azken hilabeteetan lurraldeen arteko auziari heltzeko.

Erkidegoetako presidenteekin Sanchezek iragarritako bilera-sortak egoera desblokeatzen lagun dezakeen galdetuta, Urkulluk ez du iritzirik eman nahi izan.

Torra bigarrena izango da, lehendakariaren ondoren, telefono dei sorta horretan, Sanchezek jarraituko duen estatutu antzinatasunaren ordenari jarraiki.

Espainiako jarduneko presidenteak iragarri du haiekin hitz egin nahi duela, Gobernua martxan jartzeko "premia" jakinarazteko eta "jardunean egotearen eragozpen horretatik ateratzeko".

Estatutu berria

EAEko Estatutua eguneratzeko akordioa indartzearen aldeko apustua egin du berriro lehendakariak, eta EH Bilduri galdetu dio ea "kaxoi batean uzteko" proposamen bat defendatu nahi duen.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak egindako galdera bati erantzunez, Urkulluk alderdi abertzaleari eskatu dio "egoerak eskatzen duen mailaz jarduteko", garai berria aprobetxatzeko.

"Prest zaudete autogobernua hobetzeari uko egitera bideragarritasunik eta ibilbide instituzionalik ez duen proposamen bat aurrera eramateko? Prest zaudete ikuspegi alderdikoia lehenetsiz kaxoi batean uzteko proposamen bat onartzeko?", galdetu du lehendakariak.

Azkenean, "borondateak batzea" espero duela esan du Urkulluk, berezko errealitate nazionala aitortzeko eta Estatuaren aniztasuna onartzea ekarriko duen ituna adosteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès