Politika -

Inbestidura

PSOEk eta ERCk 'aurrerapausoak' eman dituzte Sanchez inbestitzeko negoziazioetan

Batzarra 12:00etarako aurreikusita bazegoen ere, ERCko iturriek jakinarazi dute 10:00etan hasi dela. Atzo beste 'bilera diskretu' bat egin zuten bi aldeek.

PSOE eta ERCren negoziazio taldeak gaurko bileran. ETBren bideo batetik lortutako argazkia
PSOE eta ERCren negoziazio taldeak gaurko bileran
PSOEk eta ERCk aurrerapausoak eman dituzte sekretu handiz egin duten bileran

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOE eta ERCren negoziatzaileek "aurrerapausoak" eman dituztela baieztatu dute Kataluniako "gatazka politikoa bideratzeko" eta Pedro Sanchez hautagai Sozialistaren balizko inbestidura saiorako, astearte honetan Bartzelonan egin duten hirugarren bileraren ostean.

"Kataluniaren etorkizunari buruzko gatazka politikoa bideratzeko beharrezkoak diren tresnen definizioan aurrerapausoak ematen ari gara, eta horri errespetutik eta erakundeen arteko aitortzatik heldu nahi diogu", azaldu dute alderdi biek agiri batean.

Negoziazio batzordea bi ordu eta erdiz bildu da Bartzelonako Metropoli Eremuko (AMB) gobernu batzordearen aretoan, Bartzelonako Zona Frankoan dagoen erakunde metropolitarraren egoitzaren zazpigarren solairuan.

Aurreko bileretan bezala, Jose Luis Abalos, Adriana Lastra eta Salvador Illa izan dira PSOE-PSCren aldetik, eta Marta Vilalta, Gabriel Rufian eta Josep Maria Jové ERCren aldetik.

Bigarren bileraren ostean, negoziazioetan oraindik alde handiak daudela onartu zuten alderdietako iturriek, eta bi aldeek bat egiteko bide bat bilatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu zuten.

Bigarren bileran, PSOEk eta ERCk Kataluniako "gatazka" konpontzeko "bide politikoan" aurrera egiteko konpromisoa hartu zuten, zabaldu zuten komunikatu bateratuaren arabera, eta gaineratu zuten gai zehatzetan ere sakondu zutela, "eskubide sozial, zibil eta laboralei dagokienez sentsibilitate sozial partekatua" dagoela egiaztatuz.

Vilaltak (ERC negoziazio taldeko kidea) jakinarazi duenez, ERCk errepublikanoentzat "lehentasunezko lau hankak" deitzen dituenak jarri ditu astearte honetan mahai gainean.

Hain zuzen ere, Kataluniaren eta Estatuaren artean gatazka politiko bat dagoela onartzean datza, guztiari buruz hitz egin ahal izatea, errepresioaren amaiera eta autodeterminazio eskubidea barne, negoziazio egutegi bat egotea eta akordioak betetzeko bermeak egotea.

Elkarrizketen gertuko iturriek berretsi dute negoziazioak diskrezioz eraman nahi dituztela. Horregatik, diskrezio testuinguru horretan egin zuten atzoko bilera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia bideoak Alderdi politikoak bideoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak