Politika -
Inbestidura
ERCk esan du ezinezkoa dela PSOErekin akordio bat lortzea urtea amaitu aurretik
Marta Vilaltak esan du balizko "ituna urrun" dagoela eta azpimarratu du "presarekin negoziatzea eta urratsak ezinezkoa" dela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ERCk baztertu egin du PSOErekin negoziatzen ari den balizko ituna urtea amaitu aurretik ixtea eta, ondorioz, Espainiako Gobernua Gabonak baino lehen osatzeko aukera indargabetu du.
"Presarekin ez daiteke negoziatu, ezta urratsik eman ere; Gabonak baino arinago akordio batera heltzea oso zaila dela uste dugu, adostasunetik oso urrun gaudelako", adierazi du Marta Vilalta bozeramaileak ERCren zuzendaritza-bilera amaitu eta gero egin duen agerraldian.
Hortaz, Pedro Sanchezen inbestidura-saioa ere aurten izango ez dela erantsi du. "PSOEk presa badauka, keinuak egin behar ditu", azpimarratu du.
Datozen egunetan hainbat erabaki hartuko dituzte auzitegietan, tartean Fiskaltzaren jarrera argituko da eta hilaren 19an Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Oriol Junquerasen immunitateari buruz ebatziko du.
Halaber, ERCk bere kongresua egingo du abenduaren 20tik 22ra bitartean.
Testuinguru horretan, Esquerrak nahiago du azken erabakia hartu aurretik kontu horiek guztiak argituta egotea.
Bilera astearte honetan; astelehenean ere, topaketa
Hala ere, ERCk eta PSOEk hirugarren bilera egingo dute astearte honetan Bartzelonan, inbestiduraz eta Kataluniako gatazka politikoaz hitz egiteko.
Batzar horretan parte hartuko du Vilaltak eta bere alderdiarentzat ezinbestekoak diren lau baldintzak berriro jarriko dituela mahai gainean ziurtatu du: Kataluniakoa gatazka politikoa dela aitortzea; Kataluniako Gobernuaren eta Estatuaren arteko negoziazio mahaian denaz hitz egin ahal izatea, errepresioaren amaieraz eta autodeterminazio eskubideaz barne; negoziaziorako egutegi bat adostea; eta balizko akordioak bete egingo direnaren bermeak.
Astearteko topaketa prestatzeko, bi alderdien talde negoziatzaileek bilera egin dute astelehen honetan Bartzelonan, Gune Frankoan. Batzarra eguerdiaren ostean hasi zen, eta arratsaldean amaitu; bertan, PSOEren eta ERCren negoziatzaileak izan ziren.
Horrela, PSOEren aldetik, Jose Luis Abalos Sustapen jarduneko ministro eta PSOEren Antolakuntza idazkaria, Adriana Lastra idazkari nagusiordea eta Salvador Illa PSCren Antolakuntza idazkaria izan ziren; ERCk Gabriel Rufian Kongresuko bozeramailea bidali zuen, bai eta alderdiko zuzendaritzaren beste hainbat kide ere.
"Lan-batzarra da, astearteko bilera prestatzeko; kasu hauetan, honela egiten da", zehaztu dituzte negoziazioetatik gertu dauden iturri batzuek. Elkarrizketak zuhurtziaz egin nahi dituzte.