Politika -

Hauteskunde inkesta

PSOEk irabaziko lituzke bozak, 133-150 eserleku lortuta, CISen arabera

Sozialistek A28ko emaitzak (123 diputatu) hobetuko lituzkete, hortaz. Euskal alderdien hazkundea ere aurreikusi du inkestak: EAJk zazpi ordezkari lortuko lituzke, eta EH Bilduk, bost.

18.000 herritarri egin diete elkarrizketa inkesta gauzatzeko. Argazkia: EFE
Herritar bat, azken hauteskundeetan.
CIS inkestak 133-150 eserleku ematen dizkio PSOEri

1:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Sozialistak (PSOE) berriro irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak, eta aise, gainera, (botoen % 32,2 eskuratuta), CIS Ikerketa Soziologikoen Zentroak gaur kaleratu duen boto asmoari buruzko galdeketaren arabera. Sozialistek 133 eta 150 eserleku artean lortuko lituzkete, apirilaren 28ko bozetan eskuratutakoak (123) baino gehiago.

Ikerketa Soziologikoen Zentroak bere azken hauteskunde inkesta aurkeztu du gaur. Urriko lehen asteetan egindako 18.000 pertsonari egindako elkarrizketak oinarri hartuta. 'Proces' auziaren epaia kaleratu eta Franco desobiratu aurretik galdetu zitzaien herritarrei.

Inkestaren arabera, Alderdi Popularrak eskuratuko luke bigarren postua (botoen % 18,1), 74-81 ordezkarirekin. Apirileko datuekin alderatuta, gora egingo luke PPk (66 diputatu eskuratu zituzten duela zazpi hilabete). Unidas Podemos koalizioa egonkor mantenduko litzateke, botoen % 14,6 eta 37-45 eserleku lortuta (A28an, 42 ordezkari).

CISen arabera, koalizio moreak Ciudadanosi hartuko lioke aurre, izan ere, Albert Riveraren alderdiak zartakoa hartuko luke bozetan: botoen % 10,6 eta 27-35 ordezkari (apirilean, 57 diputatu lortu zituen).

Voxek ere behera egingo luke: botoen % 7,9 eta 14-21 eserleku (duela zazpi hilabete: 24 ordezkari). Iñigo Errejonen Mas Paisek emaitza apala eskuratuko luke: botoen % 2 bi diputatu (Madril).

Kataluniako alderdiei dagokienez, ERC apur bat haziko litzateke (asko jota 18 eserleku, gaur egun dituenak baino hiru gehiago). JxCatek, aldiz, behera egingo luke: gehienez sei ordezkari eskuratuko lituzke (zazpi ditu egun). Lehen aldiz aurkeztuko den CUPek 1-2 diputatuko lortuko lituzke.

Euskal alderdien hazkundea aurreikusi du CISek: EAJk zazpi eserleku lortuko lituzke (gaur egun sei ditu), eta EH Bilduk, bost (apirilean lau ordezkari eskuratu zituen). Navarra Sumak gaur egun dituen bi diputatuei eutsiko lieke. 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Hauteskunde orokorrak Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Vox Zeintzuk dira azken hauteskunde galdeketak?