Politika -
PROCES-AREN SENTENTZIA
Sanchezek ez dio telefonorik hartu Torrari, asteburuan bi aldiz deitu dion arren
Espainiako Gobernuaren izenean, aurrez, egunotako indarkeria "modu irmoan, ezbairik gabe, adjektibo gabe eta ekidistantziarik gabe" gaitzesteko eskatu dio Grande-Marlaska ministroak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Quim Torra Kataluniako presidentea bi aldiz saiatu da asteburu honetan Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin telefonoz hitz egiten, baina ez da posible izan, Sanchezek telefonoa hartu ez diolako.
Larunbat goizean prentsaurrekoa eman zuen Torrak eta Kataluniako egoerari irtenbide politikoa emateko elkarrizketari ekiteko 'eguna eta ordua' zehazteko eskatu zion Espainiako presidenteari.
Ondoren, telefonoz deitu zion, baina ez zion hartu. Aitzitik, Moncloak erantzuna komunikabideen bidez plazaratu zuen, indarkeria "erabat" gaitzesteko eskatuz. Horren aurrean, Generalitateko presidenteak gutuna bidali zion Sanchezi 'zuk ez didazu indarkeria gaitzesteko leziorik emango' esanez, eta gutuna bera publiko egin zuen bere Twitter kontuan.
"Kataluniarren ordezkariarekin hitz egiteari uko egitea eta, are okerrago, inolako elkarrizketarik ez nahi izatea" leporatu zion Torrak Sachezi.
Igande honetan berriz ere deitu dio Torrak Sanchezi, baina oraingoan ere ez dio hartu Espainiako presidenteak.
Espainiako Gobernuaren izenean, Fernando Grande-Markaskak egunotako indarkeria gaitzesteko eskatu dio Torrari "modu irmoan, ezbairik gabe, adjektibo gabe eta ekidistantziarik gabe" Sanchezekin hitz egin nahi badu.
"Inor ezin da anbiguoa izan ekintza bortitzen aurrean" adierazi du Marlaskak. "Sanchezek argi utzi du gaitzespen zuzena espero duela, bai Torraren aldetik baita Kataluniako Gobernuaren aldetik, eta era berean, Estatuko Segurtasun Indarrekiko elkartasuna adieraztea ere espero duela" gaineratu du.
Carmen Calvo Espainiak presidenteordeak ere zentzu berean hitz egin du: "Quim Torra ez da oraindik jabetu kataluniar guztien presidentea dela" eta "bere lurraldean gertatzen ari den indarkeria gaitzetsi behar duela".
Espainiako Gobernuak Kataluniako krisiaren gainean duen jarrerari buruz, berriz, Calvok ohartarazi du ez dutela zalantzarik izango "neurri gogorrak" hartzeko baina ezta "irtenbide politiko bat bilatzeko elkarrizketa hasteko ere". "Ez dugu zalantzarik egingo erabaki garrantzitsuago bat hartu behar badugu, baina ezta legearen barruan, irtenbide politiko bat lortzeko elkarrizketa hasteko ere" zehaztu du.