Politika -
Katalunia
Egoera 'larriari' aurre egin ezinik ez daudela ziurtatu du Marlaskak
Protestetan zauritutako poliziak soilik bisitatu ditu ministroak. Bitartean, 18 pertsonak ospitaleraturik jarraitzen dute, horietako bat oso larri eta beste bederatzi larri.
Agentziak | Erredakzioa
Nahiz eta egoera "larria" izan, Poliziak eta Estatuak egoerari aurre egin ezinik ez daudela ziurtatu du Fernando Grande-Marlaska jarduneko Barne ministroak. Era berean, poliziak "bandalismo izugarriaren" aurrean "neurriz" jokatzen ari direla azpimarratu du ministroak.
"Ez gaude egoerari aurre egin ezinda, ordena publiko egoera larria da", baina "Estatua erantzuna ematen ari da", adierazi du Marlaskak.
Ministroak agerraldia egin du Espainiako Gobernuak Katalunian duen Ordezkaritzan. Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilariarekin bildu da Bartzelonan. Buchek, bere aldetik, prentsaurrekoa eman du Kontseilaritzaren egoitzan.
Quim Torra Generalitateko presidenteari eta Governari indarkeria gaitzesteko eskatu die berriro Grande-Marlaskak.
Kataluniara baliabide gehiago eramatea eskatu diote Poliziako sindikatuek ministroari. Era berean, poliziek istiluetarako baliabide guztiak erabiltzeko aukera izatea eskatu dute sindikatuek, baita ur tankea ere, liskar larriei aurre egiteko.
Bestalde, Teresa Cunillera Espainiako Gobernuko ordezkariarekin batera, istiluetan zauritutako poliziak bakarrik bisitatu ditu Marlaskak Bartzelonako Sagrat Cor ospitalean.
Espainiako poliziak Bartzelonako Sagrat Cor ospitalean daude. 17 polizia artatu dituzte zentro horretan, horietako lauk ospitaleraturik jarraitzen dute.
Bederatzi zauritu larri eta bat oso larri
18 pertsonak ospitaleraturik jarraitzen dute Katalunian, aste honetako istiluetan zauritu ondoren; horietako bat oso larri dago eta beste bederatzi larri.
Generalitateko Osasun Kontseilaritzak eguerdian jakitera eman duenez, zauritu oso larria Vall d'Hebron ospitalean dago. Buruko traumatismoa dauka.
Sant Pau ospitalean bost zauritu larri daude, horietako hiruk begietan lesioak dituzte (piloten ondorioz). Bik ikusmena galdu dute begi banatan, eta hirugarrenari ebakuntza egin behar diote.