Politika -
HAUTESKUNDE OROKORRAK
CUP hauteskunde orokorretara aurkeztuko da, lehenengo aldiz bere historian
Erabakia 'zaila' izan dela aitortu dute alderdi antikapitalistako ordezkariek, baina esan dute bizi dugun 'salbuespen egoerari aurre egiteko' joango direla azaroaren 10eko bozetara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako hauteskunde orokorretara aurkeztuko da CUP alderdia, bere historian lehen aldiz. Bartzelonan goizean egin duten Kontseilu Politikoan adostu dute azaroaren 10eko bozetara aurkeztea, "autodeterminazio eskubidea" defendatzeko.
Erabakia "zaila" izan dela aitortu dute alderdi antikapitalistako ordezkariek, baina nabarmendu dute bizi dugun "salbuespen egoerari aurre egiteko" erabaki dutela aurkeztea. Mireia Vehi CUPeko idazkaritza nazionaleko ordezkariak esan duenez, "arduraz" hartu dute erabakia. "Espainiaren errepresioa geroz eta handiago da, geroz eta preso politiko gehiago ditugu, geroz eta atxilotu gehiago", eta, hori dela eta, borrokan jarraitzeko konpromisoa dutela nabarmendu du.
CUPek mahai gainean jarriko dituen baldintzak argiak direla esan du Vehik: autodeterminazio eskubidea aitortzea eta espetxaratuentzat amnistia. Hori bete ezean, ziurtatu du ez dutela "politikarik egingo ezta inolako gobernagarritasunik ahalbidetuko ere".
"Erregimena erakundeetatik kanporatzea" da CUPen helburua, agerraldian zehaztu dutenez.