Politika -
Gutuna
Torrak, suminduta, azalpenak eskatu dizkio Sanchezi atxiloketengatik
Kataluniako presidenteak uste du operazioak "errugabetasun presuntzioaren printzipio guztiak" urratu zituela, eta "Katalunian indarkeria kontakizun faltsua asmatzeko" balio izan duela.
agentziak | erredakzioa
Quim Torra Kataluniako presidenteak "sumindura" agertu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskutitz batean, atzo CDRko kideen aurka egindako polizia-operazioarengatik, eta azalpenak eskatu dizkio atxiloketengatik.
Gutunean, Torrak salatu du bederatzi CDR ekintzaileen aurkako operazioa "judizial-polizial-mediatikoa" izan zela, "errugabetasun presuntzioaren printzipio" guztiak urratu zituela, eta "Katalunian indarkeria kontakizun faltsua asmatzeko" balio diela.
"Nire, Kataluniako Gobernu osoaren eta Kataluniako herritarren zati handi baten sumindura helarazi nahi dizut, Estatuaren aparailuak helburu politikoekin erabiltzeagatik", adierazi du.
"Justizia justizia egiteko da. Polizia segurtasuna emateko eta ordena publikoa bermatzeko dago. Eta komunikabideak, egia azaleratzeko eta gauzak diren bezala azaltzeko", gaineratu du.
Generalitatearen presidentearen arabera, "mugimendu independentista baketsua izan da, da eta izango da, eta ez du indarkeria erabiliko independentzia lortzeko, beti bide demokratikoak".
Torrarentzat, "atxiloketa prebentiboak ez lirateke posible izan behar Zuzenbidezko Estatu batean", horregatik, Espainiako Gobernuaren hitzengatik ere azalpenak eskatu dizkio.