Politika -
Inbestidura
Felipe VI.ak ez du hautagairik proposatu: hauteskunde errepikapena, gertuago
Alderdi politiko guztietako ordezkariekin bildu ostean, hautagairik ez dagoela erabaki du Felipe VI.ak.
agentziak | erredakzioa
Espainiako erregeak ez du adostasun nahikoa bilduko lukeen hautagairik aurkitu, eta ez du inor proposatu inbestidurarako, beraz, hauteskunde errepikapena gertuago egongo litzateke.
Hori horrela, Felipe VI.a erregeak horixe helarazi dio Meritxell Batet Kongresuko presidenteari, eta hauteskunde errepikapenaz ezer esaten ez badu ere, Konstituzioaren 99. artikuluari egin dio erreferentzia.
Artikulu horretan agertzen da lehen inbestidura saiakeratik bi hilera hautagairik ez balego hauteskundeak errepikatuko direla.
Felipe VI.ak azken bi egunotan buruzagi politikoekin izandako bilerak amaituta, astearteko 20:30 aldera, erregearen Etxeak oharra zabaldu du; testuan, nabarmenduta dago ez dagoela Diputatuen Kongresuak "bere konfiantza emateko" adina babesik duen hautagairik.
Oharrean azalduta dagoenez, eta Meritxell Batet Kongresuko presidenteari hilaren 12an, bilera-sorta hau deituta, jakitera eman zioenari jarraituz, Felipe VI.ak jakitera eman dio Bateti ez duela hautagairik proposatuko, "Konstituzioaren 99. artikuluan aurreikusita dagoena kontuan izanik".
Irailaren 23an, astelehenarekin, epea amaituko da
Hortaz, artikulu horrek zer zehazten duen aztertuta, datorren astelehenean, hilaren 23an, amaituko da bi hilabeteko epe hori, Ganberak desegingo dira, eta hauteskunde orokorrak deituko dituzte.
Erregearen Etxearen oharrak ez die aipamenik egiten Gorteen desegiteari eta hauteskundeen deialdiari, baina aipatu egiten du 99. artikulua, alegia, konstituzio-aurreikuspen hori ezartzen duen artikulua.
Zarzuelak zabaldutako testuak antz handia du erregearen Etxeak 2016ko apirilaren 26an argitaratutakoarekin; orduan, 2015eko abenduaren 20ko hauteskundeen osteko bilera-sortak eginda, berriro ere deitu zituzten hauteskundeak, 2016ko ekainaren 26rako.
Casado: "Susmatzen dut Sanchezek hasieratik nahi izan duela hauteskundeetara joan"
Astearte honetan, apirilaren 28an aulkirik gehien erdietsi zituzten alderdien buruzagiek bilera bana egin dute Espainiako erregearekin. Pablo Casado PPko presidenteak esan du "susmatzen" duela Sanchezek, hasieratik, ez duela Gobernurik osatu nahi, eta nahiago izan duela beti hauteskundeetara joan. Casadoren nahia da, "hauteskundeak errepikatuko balira", ez izatea "doakoa" Sanchezentzat: "Ematen du lortu duela, baina espero dut berarentzako dohainik ez izatea".
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak ohartarazi du Sanchezek aukera duela, "atzera egingo balu" eta balizko beste inbestidura batean berak proposatutako baldintzak onartuko balitu, garaiz daude oraindik akordioa adosteko "azken minutura arte": "Gaur gauean edo bihar deitzen badit, baldintza horiekin konpromisoa hartzeko, 24 orduetan egongo gara eskuragarri, herrialdea desblokeatzeko".
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren esanetan, Sanchezek inbestidura gainditzeko mahai gainean dituen bi aukeretako bat aukeratu behar zuen. "Eskuin eta ezkerreko eskaintzak ditu", esan du Iglesiasek, eta behingoz erabaki dezala eskatu dio.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, uste du Espainian Gobernua osatzeko prozesua "egoera kafkiar, ulertezina eta arduragabea" bihurtu dela.