Politika -
PRESOAK
Presoei ezarritako urruntze politika salatzeko txostena bidali dio Sarek NBEri
Espetxe politikak kartzelan dauden pertsonen eta haien familien bizitzarako eskubideak, batez ere adingabeenak eta adin nagusikoak diren gaixoenak, urratzen dituela jakinarazi dio Sarek NBEri.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Konponbidearen eta giza eskubideen aldeko Sare herritarra elkarteak euskal presoei ezarritako urruntze eta sakabanaketa politika salatzeko txostena bidali dio Nazio Batuen Erakundeari (NBE), Espainiari datozen bi hilabeteotan egokituko baitzaio NBEren Giza Eskubideen inguruko aldizkako azterketa.
Txosten horrek euskal presoek Espainiako eta Frantziako espetxeetan bizi duten egoera aztertzen du, haien egoera juridikoa salatzeko asmoz. Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak azaldu duenez, kexaren arrazoiak oinarrizko eskubideen urraketa eta legezkotasun printzipioarekiko errespeturik eza dira.
Sareren iritzian, euskal presoen egoera Euskal Herriko egoera politikoaren bilakaeraren arabera egokitu beharko litzateke. 2011ko urriaren 20an, ETAk bere jardueraren amaiera iragarri zuen, eta, geroago, 2018ko maiatzaren 3an, ETA desegin zen. Horrek beste era bateko politika bati bidea eman behar lioke, legezko arauak errespetatuko lituzkeen politika bati, hain zuzen ere.
Gai horretan eskuduntza duten Estatuko agintarien espetxe politikak kartzelan dauden pertsonen eta haien familien bizitzarako eskubideak, batez ere adingabeenak eta adin nagusikoak diren gaixoenak, urratzen ditu. Presoak urruntzeko eta sakabanatzeko espetxe politika GEEAren jurisprudentziaren aurkakoa da, batez ere ETA desagertu zenetik.
Gaixotasun larriak izan arren, preso batzuek espetxean jarraitzen dute, indarrean dauden eta legeak aurreikusten dituen xedapenak ez zaizkielako aplikatzen, Sarek salatu duenez.
Sareren arabera, maiatzeko datuak kontuan hartuta, espetxeetan dauden 208 euskal preso Espainiako 40 presondegitan daude. Preso horien senideek 600 eta 2.000 kilometro artean egin behar izaten dituzte 40 minutuko bisita bat egiteko.
Horrenbestez, urruntze politika horrek etxetik oso urrun espetxeratuta dauden euskal presoen eskubideei eragiten die, batez ere familia-bizitzarako eskubideari, familia harreman egokiak izatea ezinezkoa bilakatzen baitu.