Politika -
Espainiako Gobernua
Calvo: 'Podemos ez da Ministroen Kontseiluan egongo, eta badaki'
Presidenteorde espainiarrak nabarmendu duenez, Pedro Sanchez koalizio morearen deiaren zain dago, 'erdibideko irteera bat' bilatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Carmen Calvo Espainiako Gobernuaren jarduneko presidenteordeak nabarmendu duenez, Unidas Podemosen ordezkariak ez dira Ministroen Kontseiluan izango, eta "hori ondo dakite eurek".
La Sexta telebista kateari igande honetan eskainitako elkarrizketa batean, irmo azaldu da buruzagi sozialista, eta adierazi du Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea koalizio morearen deiaren zain dagoela, "erdibideko irteera bat" topatzeko.
Calvok bi arrazoi eman ditu Unidas Podemos Espainiako Gobernuan ez sartzeko: Kataluniari buruz Unidas Podemoseko arduradunek egindako adierazpen "onartezinak", batetik, eta "gobernu bat osatzeko egitura adosteko gai ez izatea", bestetik.
Horren aurrean, Unidas Podemosen deiaren zain daudela berretsi du Calvok, "erdibideko irteera bat" adosteko.
Calvoren arabera, proposamen programatiko berria aztertzeko aukera izan dute asteburuan Unidas Podemoseko buruzagiek, eta horien deiaren zain daude sozialistak. "Deitzen ez badute, guk egingo dugu. Beti deitu izan dut nik, eta ez dut arazorik berriro egiteko", argitu du jarduneko presidenteordeak.
Urkullu: "Gobernagarritasuna dago jokoan"
Ingurumari honetan, gaiaz mintzatu da Iñigo Urkullu lehendakaria. "Ez dut inongo ahaleginik ikusten programak partekatzeko. Presidentea aukeratzea ez ezik, gobernagarritasuna ere dago jokoan". Horrela, bi aldeei dei egin die "erantzukizunez" joka dezaten, "eskuzabaltasunez eta konpromisoz" aritzeko.
"Kezkatuta nago irailaren 23ko epemugatik gertu gaudelako", aitortu du, baina azpimarratu du oraindik badagoela "programa partekatu bat bilatzeko aukera, presidente bat aukeratu eta gobernagarritasuna eta egonkortasuna bermatzeko".
Bideoa: "Programan oinarritutako akordioa topatzea beharrezkoa da", Urkulluren ustez