Politika -

Ikasturte politikoaren hasiera

Negoziazioa 'seriotasunez eta errespetuz' egitea eskatu dio EAJk PSOEri

Bestalde, Andoni Ortuzarrek esan du EAEko Aurrekontuaren negoziazioa erronka handia izango dela Jaurlaritzarentzat, eta gainerako taldeei jarrerak zehazteko unea iritsi dela ohartarazi die.

Andoni Ortuzar, EAJk Zarautzen egin duen ekitaldian. Argazkia: EFE
Andoni Ortuzar, EAJk Zarautzen egin duen ekitaldian.
EAJk kurtso politiko berriari ekin dio Zarautzen

1:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak gogor kritikatu du Espainiako Alderdi Sozialista Pedro Sanchezen inbestiduraren harira izaten ari den jarrera, publiko bildu egingo direla esan arren, bi alderdiek elkarrekin hitz egin gabe jarraitzen dutelako. Ildo horretan, negoziazioak "serioa, diskretua eta errespetuzkoa" izan behar duela esan dio PSOEri.

EAJk Zarautzen egin du arratsalde honetan ikasturteko politikoa abiatzeko ekitaldia. Ortuzar haserre agertu da Espainiako Alderdi Sozialistarekin. "Abuztuaren 2an esan zuten deitu egingo zigutela, Sanchezen inbestidura negoziatzeko, baina gaur arte ez dugu deirik jaso", deitoratu du.

Ortuzarrek adierazi du balizko bilerari buruzko informazioa komunikabideen bidez izan dutela. "Lehenengo, hilaren 19an bilduko ginela esaten zuten, gero G-7a hasi aurretik, ondoren goi-bilera amaitu ostean, eta orain iraileko lehen astean bilduko omen gara… baina gure telefonoan ez dago deirik".  "Inbestiduran aurrera egitea lortzeko negoziatzeko modu bitxi daukate", erantsi du.

PSOEk atzo jakinarazi zuen 300 neurri biltzen dituen proposamen bat prestatzen ari direla datorren astetik aurrera taldeei aurkeztu eta haien babesa lortzeko asmoz.

"Ezer publiko egin aurretik, ez litzateke hobe izango baietza eman behar omen dugun alderdioi zer pentsatzen dugun eta zer motatako itunak nahi ditugun galdetzea?", galdetu du Ortuzarrek.  

EAJko buruzagiaren ustez, PSOEk ez du negoziatzeko borondaterik eta berea inposatu egin nahi du: "Gustatu ala ez, jan egingo duzu, eta hauteskundeetara bagoaz, zurea izango da ardura".

Gauzak horrela, PSOEri mezu zuzena igorri dio: "Gu negoziatzeko prest gaude, baina negoziazioa serioa, diskretua eta aurrean dagoenarekiko errespetuzkoa izan behar da".

Halaber, Ortuzarrek ohartarazi du inbestiduraren ostean ere talde ezberdinen arteko akordioak beharrezkoak izango direla. "Edo, agian, inbestidura gaindituta, Ciudadanosen babesarekin agintzea da haien asmoa, Ciudadanoseko buruzagiak uda honetan isilik daudela kontuan hartuta", esan du.

Dozena bat diputatu gehiago lortzeko asmoz, hauteskundeak errepikatzea "arduragabekeria handia" izango litzatekeela iritzi dio Ortuzarrek. "EAJk ez du beldurrik hauteskundeetara berriro joateko, baina deialdi horrek egoera gehiago nahastuko lukeela pentsatzen dugu", gaineratu du.

Edonola ere, PSOEk deituz gero, bilerara joango direla ziurtatu du Ortuzarrek. "Guk ez dugu ezinezko baldintzarik jarriko mahai gainean, eta gainerako alderdiek ere gauza bera egitea espero dugu", adierazi du.

Pedro Sanchezen inbestiduraz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak ere izan ditu hizpide Ortuzarrek. EAJko presidenteak onartu du Eusko Jaurlaritzak "erronka handia" daukala aurretik, baina oposizioko talde parlamentarioei ere jarrerak zehazteko eta erabakiak hartzeko unea iritsi zaiela esan die.

Bestalde, EAJk euskal indar politikoei eskua luzatu die "herriaren eta herritarren aldeko itunak" egiteko, "hainbeste kritikatzen dugun Madrileko joko politikoa hemen errepikatzea saihestuz".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Andoni Ortuzar Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak