Politika -
Migrazioa
Calvo: 'Open Arms ontziak uko egin zion Espainiako portu batean lehorreratzeari'
Espainiako Gobernuak Open Arms ontziaren auziaz egindako kudeaketari buruzko azalpenak eman behar izan ditu Carmen Calvok Kongresuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ezohiko osoko bilkura egin dute arratsalde honetan Diputatuen Kongresuan, Open Arms ontziaren auzia dela eta. Mediterraneoan 100 bat migratzaile erreskatatu ostean, 19 egunez itsasoan izan zen ontzian, portu seguru batean sartzeko zain. Gaur, Carmen Calvo jarduneko presidenteordeak Espainiako Gobernuak krisi horren aurrean egindako kudeaketaren inguruko azalpenak eman behar izan ditu.
Calvok esan du Espainiako hainbat portutan lehorreratzea eskaini ziotela Open Arms ontziari, baina honek aukera hori baztertu egin zuela behin eta berriro. Eskaintza hori abuztuaren 16an egin zutela zehaztu du, ontziaren egoeraren berri izan ostean.
Ildo horretan, gogora ekarri du aurrez Open Arms ontziak bi aldiz lehorreratu izan dela Algecirasko portuan.
Calvok emandako azalpenaren arabera, abuztuaren 20an, Matteo Salvini Italiako Barne ministro ohiak Open Arms ontziko migratzaileak Lampedusan lehorreratzea ahalbidetuko ez zuela ikusita, Pedro Sanchezek neurriak hartzea erabaki zuen. Horrela, bada, Espainiako Armadaren ‘Audaz’ ontzi militarra bidaltzea agindu zuen.
Alabaina, “hiru ordu geroago, Italiako fiskal batek migratzaileak berehala lehorreratzeko agindu zuen eta horrek egoera aldatzea ekarri zuen”, adierazi du.
Bestalde, oposizioko taldeen gehiengoak bat egin du eta Espainiako Gobernuak berandu jokatu zuela salatu dute. Gainera, migratzaileak erreskatatu izana kriminalizatu ezin daitekeela azpimarratu dute.
Mikel Legarda EAJko diputatuak esan du Open Arms ontziarena ez dela kasu isolatu bat: “Egiturazko arazo baten aurrean gaude eta Europar Batasunak migrazioari buruzko politika zehaztu behar du, giza eskubideak bermatuz”.
“Europar Batasunak politika zehatza bat ez izateak ez du esan nahi estatuek ez dutela ezer egin behar”, erantsi du Legardak.
Oskar Matute EH Bilduko ordezkariaren esanetan, PSOEk eskuinerantz jo du eta Carmen Calvok Matteo Salviniren bidea hartu du; izan ere, Open Arms eta Aita Mari erreskate ontziei “trabak” baino ez dizkietela jarri adierazi du.
“Migratzaileak erreskatatzea edo ontzi bati portuan sartzea debekatzea lotsagarria, gizateriaren kontrakoa eta legez kanpoko da”, nabarmendu du Maria Carvalho ERCko diputatuak.
Laura Borras JxCAT taldeko bozeramailearen iritzian, “Open Arms ontziak erreskatatzeko baimenik ez duela esatea maltzurkeriaz jokatzea da: nazioarteko araudiaren arabera, pertsona baten bizitza arriskuan badago, pertsona hori erreskatatzea ez da aukera bat, derrigorrezkoa da”.