Politika -
Inbestidura
Junquerasek ez du erraztuko ‘Ibexek PSOEren eta eskuinaren artean nahi duen gobernua’
"Eskua luzatuta eta begirada luzea" izenburua duen gutun batean, sozialistek ez dutela Pedro Sanchez Podemosen babesarekin presidente izendatu nahi ziurtatu du ERCko buruak.
Agentziak | Erredakzioa
Oriol Junqueras ERCko buruak larunbat honetan ziurtatu duenez, “errepublikanismo katalanak ez du erraztuko Ibexek PSOEren eta eskuinaren artean nahiko lukeen gobernua osatzea”.
"Eskua luzatuta eta begirada luzea" izenburua duen gutun batean, gaur egun bi agertoki besterik ez daudela esan du Junquerasek: "PSOEren eta Podemos arteko gobernua edo sozialisten bakarkako gobernua, baina PPren edo Ciudadanosen abstentzioa behar duena". Testuinguru horretan, sozialistek ez dutela Pedro Sanchez Podemosen babesarekin presidente izendatu nahi nabarmendu du ERCko buruak.
Junquerasen iritziz, ERCk "muturreko eskuinarekin bozkatzea” nahi dute sozialistek, haren arabera, haserre eta bakartuta egotea nahi dutelako, baina ERCren eta EH Bilduren heldutasunaz eta erantzukizunaz harro dagoela esan du, eta hautagai sozialistaren inbestidura ahalbidetzeko abstenitu egin zirela gogora ekarri du.
ERCko buruak adierazi duenez, Podemosen babesa lortu eta gobernua partekatu aurretik, hauteskunde orokorrak errepikatzea nahiago du PSOEk. Bere iritziz, "gaur egun eskuin muturreko gobernu bat ezinezkoa egiten duen gehiengoa arriskuan jartzeko prest dago PSOE”.
Junquerasek sozialisten jarrera kritikatu du, “PSOEk ez baitu berdinen arteko benetako negoziazioa abiatzeko behar den ausardia. Bere keinuekin eta erabakiekin, abaildu beharreko aurkaria ERC dela argi utzi du”.