Politika -
Inbestidura
PSOEk eta Unidas Podemosek ez dute oraindik akordiorik adostu
Ordu gutxi falta direnean, oraindik ez dago akordiorako oinarririk PSOEren eta Unidas Podemosen artean.
Agentziak | Erredakzioa
Ordu gutxi falta dira Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko edo hautagaitza atzera botatzeko eztabaida hasteko. Hala ere, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko negoziazioak diskrezio handiz ematen ari dira, ez baita orain arte akordiorik adostu duten berririk zabaldu. Antza, sozialisten proposamenak ez dira Pablo Iglesiasen alderdikoen gustukoak.
Antza, ez dute azken orduko bilerarik deitu; horrenbestez, oraingoz ez dago akordiorako oinarririk, eta PSOEk eskainitako "presidenteordetza sinbolikoa" ez da nahikoa Podemosentzat, negoziazioen iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez.
Asteburuan zehar izandako bileretan Podemosek PSOEri gogorarazi dio "Estatuko ministerio guztiei uko egiteaz gain Kataluniako auzian ere leialtasuna eskaini dietela"; gainera, Pablo Iglesias alde batera egin izana ere azpimarratu dute.
"PSOEren aitzakiak baino ez ditugu topatzen", esan dute Iglesiasen alderdiko iturriek azken bileren ostean. Carmen Calvo jarduneko Gobernuko presidenteordea, Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusia eta Maria Jesus Montero jarduneko Ogasun ministroa ari dira negoziazioetan Podemosekin.
PSOEk "eskumenik gabeko eta alderdiaren politikak garatzeko aukerarik ematen ez dien presidenteordetza sinbolikoa eskaini diela" salatu du Unidas Podemosek.
Pablo Iglesias idazkari nagusia, eta Pablo Echenique Gobernu eta Erakunde Ekintzako arduraduna dira Unidas Podemosen negoziatzaile nagusiak.
Unidas Podemoek, esaterako, 1.200 euroko gutxieneko soldata, aitatasun eta amatasun baimen berdinak eta besterezinak, 0 eta 3 urte arteko dohako hezkuntza unibertsala ezartzea, unibertsitateko tasak murriztea eta ikerketa sustatzea eskatzen dute beren politiken artean; halaber, argindarraren merkatzea, klimaren aurkako larriladi neurriak edo bankuen erreskatea berreskuratzeko bankuei zerga ezartzea eskatzen dute.
Inbestidura eztabaida eguerdian hasiko da Sanchezen hitzaldiarekin eta asteartera arte luzatuko da; orduan emango da lehen bozketa. Horrenbestez, negoziatzen jarraitzeko aukera izango dute alderdi biek.
Hala ere, Sanchezek asteartean gehiago osoa lortzen ez badu, baliteke negoziazioak ostegunera arte luzatzea eta bigarren bozketa bat izatea.
Jarraitu zuzenean Pedro Sanchezen inbestidura ekitaldia eitb.eus-en.